Zaborrak errausteko planten kontra mugimendu zabala sortu da azkenaldian Gipuzkoan, batik bat, horrelako azpiegitura bat jartzeko aukera zegoela zabaldu den herrietan. Ildo horretatik, lekuan lekuko plataforma horiek biltzea eta guztien artean koordinadora bat eratzea erabaki dute. Besteak beste, Txingudi Bizirik (Hendaia, Irun eta Hondarribia), Urnietako Arnasa, Lasarte-Oria Bizirik,eta Errenteria, Zubieta, Usurbil, Oiartzun eta Lezoko taldeak daude elkarte horretan. Oraindik ez diote izenik jarri koordinadorari.
Ekainaren 19an manifestazioa Donostian
Koordinadora aurkezteaz eta Diputazioak bigarren planta jartzeko lekua oso mugatuta daukala azaltzeaz gain, ekainaren 19an, Donostian, errausteko planten kontrako manifestazioa egingo dutela jakinarazi dute. Izan ere, errausteko plantak oso kutsatzaileak eta osasunerako guztiz kaltegarriak direla nabarmendu du Pello Lozano EHUko Geografia irakasle eta koordinadorako bozeramaileak. Zehazki, zabor errausketen ondorioz isurtzen diren dioxinek eta furanoek gaitz asko eta arazo hormonalak sortzen dituztela esan du, eta, ondorioz, litekeena dela azpiegitura horiek bultzatzen dituzten agintariak delitu bat egiten egotea.
Zaborren arazoari aurre egiteko beste politik batzuk behar direla azpimarratu dute.
Ingurumena
Errausteko planta Arroan, Errenterian edo Zubietan egingo dutela diote plataformek
Errausteko planten kontrako plataformen koordinadoraren arabera, Gipuzkoako Diputazioak dagoeneko hiru leku baino ez dauzka buruan probintzian bigarren errausteko planta jartzeko: Arroa (Zestoa), Zubieta (Donostia) eta Errenteria. Bestea, Hondarribian jartzea jada erabakita dauka. Koordinadora horretako bozeramaileek agertu dute "filtrazioak" dauzkatela, eta hiru gune horiek soilik ari direla aintzat hartzen Diputazioko arduradunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu