'Naparra auzia'

Errazkini deklarazioa hartu eta Naparra bilatzeko eskaria egin du epaileak

Iñaki Errazkin kazetariak informazio pasatu ziona nor den jakinarazi du, eta baieztatu du datu haien arabera, Mont de Marsan (Frantzia) iparraldean egon daitekeela Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua.

Paco Etxeberria auzi medikua, Jose Miguel Etxeberria 'Naparra'-ren anaia Eneko Etxeberria eta Iñigo Iruin abokatua. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Hodei Iruretagoiena
2016ko urriaren 26a
07:52
Entzun

Posta elektronikoz jasotako mezu baten bidez izan zuen Iñaki Errazkin kazetariak Naparraren kokalekuaz informazio eman zuen pertsonaren berri. Zerbizu sekretuetako kide ohia da, "estatu terrorismoarekin lotura" izandakoa, espainiarra. Hari buruzko datu guztiak eman ditu gaur Errazkinek, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epailearen aurrean —pasaportearen kopia bat ere badu—.

Berria-k jakin duenez, Errazkinek kontatu du, Espainiako zerbitzu sekretuetako kide ohiarekin harremanetan jarri ondoren, bospasei egun egin zituela Sao Paulon (Brasil) harekin hizketan. Iazko azaroaren amaieran eta abenduaren hasieran izan zen hori, eta gai ugairi buruz aritu ziren hizketan. Azken aurreko egunean, Naparraren gaia atera zuen zerbitzu sekretuetako kide ohiak, kazetariak galdetu gabe, eta berak eskuz idatzitako dokumentu bat eman zion.

Errazkinek adierazi du zalantza sortu zitzaiola Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur-i ala Naparrari buruzkoa zen idazkia, eta galdetu ondoren, bigarrenaren inguruakoa zela esan zion berri emaileak. Dokumentu horretan, zehatz azaldua dator Naparraren gorpuaren kokalekua. Paco Etxeberria auzi medikua eta Iñigo Iruin abokatua lekura bertara joan ziren udan, eta baieztatu zuten jasotako datuak bat zetoztela tokiarekin.

Epaileak dokumentu originala eskatu dio Errazkini, baina hark ez du eman nahi izan. Konpromisoa hartu du, hala ere, transkripzioa egin eta Iñigo Iruin abokatuaren bidez epaitegiari emateko.

Paco Etxeberria, azaroaren 10ean

Behin Errazkini deklarazioa hartuta, Mont de Marsango auzitegiari hura bilazeko eskaera bidali dio Moreno epaileak.

Iruin abokatuaren arabera, garrantzitsua izan da kazteariaren deklarazioa, batetik, baieztatu egin dituelako akusazio partikularrak dilifentziak berriz zabaltzeko dokumentuan esandakoak, informazio nork eman zion jakinarazi duelako, eta kokapena zehaztu duelako. "Orain, gorpuzkiak aurkitzea da urgenteena eta garrantzitsuena", esan du, eta ondoren haiko dela auzi bera argitzeko fasea, besteak beste, gorpua aurkitzeak berak pista berriak ekar ditzakeelako.

Paco Etxeberria auzi medikua ere gaur zen deklaratzekoa, baina beste epaiketa bat zuela eta, azaroaren 10ean deklaratuko du azkenean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.