"Poztasun handia dut EAren lehendakari bezala txosten politikoarekin adostasuna dagoelako [alderdian]. Beraz, estrategian ados gaude". Hala esan du gaur Begoña Errazti EAren presidenteak, prentsaurrekoan.
Abenduaren 15ean eta 16an egingo du EAk VII. Biltzar Nagusia, Donostian, Kursaalen, eta orduan onartuko du txosten berria eta orduan joko du erabakitzat estrategia. Baita zuzendaritza ere; besteak beste, lehendakaria. 1999tik da Errazti EAren buru, Carlos Garaikoetxearen lekukoa hartu zuenetik, eta oraindik ez du jakinarazi karguan segituko duen edo ez. Txostena eta estrategia erabakitzeari ematen dio lehentasuna Erraztik. "Ondoren etorriko da nire erabakia", adierazi du gaur.
Zuzendaritzak egindako ponentziari zuzenketak aurkezteko aukera dute orain EAren afiliatuek. Hainbat gai aztertzen dituzten arren, Bakea eta normalizazioa izenekoa da txosteneko zatirik mamitsuenetakoa.
Autonomismoa gainditu, eta autodeterminazioa gauzatuz, independentzia lortzea da EAren xedea, printzipio ideologikoen atalean jasotzen denez. Horretarako, "printzipio demokratikoa" aplikatzea nahi dute; alegia, "erabaki demokratikoa nahikoa izatea.
Aurreko biltzarrean Iñaki Galdos Gipuzkoako EAren lehendakaria izan zen Erraztiren kontrarioa alderdiaren buru izateko bozketan, eta orain Galdosek esan du bera ez dela aurkeztuko berriro horretara, baldin eta alderdiaren estrategian adostasuna badago.
Politika
Erraztik dio EAn adostasuna lortu dutela txostenaz eta estrategiaz
Alderdiaren lehendakariak oraindik ez du jakinarazi postuan segituko duen. Txostena eta estrategia erabakitzeari ematen dio lehentasuna. Abenduaren 15ean eta 16an egingo dute VII. Biltzar Nagusia, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu