Unai Errea eta Itziar Larraz euskal presoei launa urteko kartzela zigorra, 10 urteko inhabilitazioa eta 10 urtean Frantzian egoteko debekua eskatu du Jean-Michel Bourles fiskalak, «terrorismo helburua duen gaiztagin elkarteko konplizeak izatea» egotzita, EFE albiste agentziak zabaldu duenez. Halaber, Frantzian preso dauden lau presori ETAren barne agiriak eman zizkietela frogatuta dagoela dio fiskalak, «kode deontologiko guztiak urratuz».
Fiskalak frogatutzat jotzen du euskal presoen abokatu «batzuk» ETArekin «konplizitate organikoa» dutela, «kontziente zirela egin zutelako egin zutena, ETAk agindu zuelako eta helburua zehatz batzuekin».
Josetxo Otegi, Aintzane Orkolaga, Lorentxa Beirie eta Ainhoa Mujika euskal presoei «gutxienez»seina urteko kartzela zigorra jartzeko eskatu du, «ETArekin harremanak mantentzea» egotzita.
Astelehen zen asteko Parisko Apelazio Auzitegian Errea eta Larraz abokatuen eta lau presoren aurkako epaiketa. Errea eta Larraz ustez lau preso horiei ETAren informazioa helarazi zietelako auzipetu zituzten.
Asteleheneko saioa, baina, bertan behera gelditu zen, Jacques de Felice eta Irene Torrel defentsaren abokatuek Philippe Vandingenen aurkako errefusatzeko auzia aurkeztu zutelako. Epaile horrek «arazoak» izan zituen aurreko epaiketa batean Larraz abokatuarekin, eta epailearen «partzialtasuna agerikoa» zela argudiatu zuen defentsak. Chazal de Mauriac epaimahaiburuak atzera bota zuen errefusatzea, eta herenegun abiatu zen epaiketa.
«ABOKATUAK INKRIMATU». Irene Terrel abokatuak «defentsa politikoa egiten duen abokatuen kolektiboa inkrimanatzeko» saioa egitea egotzi zion epamahaiari. Terrelek eta De Felicek liskarra izan zuten Vandingenen epailearekin. «Akusazioaren hitzez hitzeko irakurketa integrala» egitea egotzi zioten epaileari. Protesta epaiketa agiria jasotzeko eskatu zuen De Felicek, eta epaileak onartu egin zuen, baina gaineratu zuen salaketa hori «faltsukeria» bat zela.
Errea eta Larrazentzat launa urteko kartzela zigorra eskatu dute
Euskal presoen abokatu «batzuek» ETArekin «konplizitate organikoa» dutela zehaztu du fiskalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu