Bilboko Konpartsak
«Kukutzako ateek eta bertan zeuden lagunek jasotako kolpe bakoitzean konpartsok kolpe bana jaso dugu gure bihotzetan, baina minak ez gaitu geldituko. Atzoko [herenegun] erasoa neurrigabea eta onartezina iruditzen zaigu. Dei berezia egiten dugu Bilboko Udalean hausnarketa egin dezaten eta hartutako erabakia berriz azter dezaten. Errekaldek Kukutza behar du, Bilbok Kukutza behar du».
Sagarrak / Ekologistak Martxan
«Kukutzaren moduko proiektu independente eta batzar bidezkoak ezinbestekoak dira, ingurumenarekiko bidezkoagoa izango den aldaketa sozial bat lortzeko. Egoera honen errudun Bilboko Udala eta Iñaki Azkuna alkatea dira, Errekalde eta Bilborentzat ezinbestekoa den proiektu honetarako aukera egingarririk ez dutelako bilatu nahi izan, eta, aldiz, interes ekonomiko eta espekulatzaileei bidea erraztu dietelako».
ERNE
«Tristea da ikustea legearen inperioa defendatu dutenak errudunak direla, eta hura urratu dutenak, heroiak. Neurriz kanpoko jokabideaz hitz egin da, baina lokalaren barruan ez zuten Ertzaintza hartu karameloekin, ezta pailazo sudurrekin ere; porlan zakuekin, harriekin eta segadekin egin zieten harrera».
Iosu Murgia
Aralarreko Bizkaiko koordinatzailea
«Azkuna gezurretan ari da hustearen kontra protesta egiten ari zirenak Poliziaren aurkako jarrera bortitza izan zutela agertzen duenean. Gezur hori gero eta handiagoa da; arrautzak eta irina bota zutela esan zuten hasieran, eta orain adreiluez, su-itzalgailuez, suziriez eta bestelako tranpez ari dira. Errekalden mina eragin zezakeen material bakarra manifestari baketsuen aurka jaurtitako pilotak eta kartutxoak izan ziren».
Ezker abertzalea
«Atzo [herenegun] Errekalden Ertzaintzak izaniko ekinbide basatian atxiloturiko eta zaurituriko lagun guztiei elkartasuna adierazi nahi die ezker abertzaleak. Kukutza gaztetxea hustearen bultzatzaile politikoa da Azkuna, eta Ares Ertzaintzaren arduradun politikoa. Gertaerek berriro ere agerian utzi dute Ertzaintza errepresio politiko eta sozialean trebaturiko Polizia dela».