Erreakzioak

2014ko ekainaren 2a
14:20
Entzun

Alfredo Perez Rubalcaba, PSOEko idazkari nagusia: “Erregearen erabakia, Estatu burutza utzi eta, Konstituzioari jarraiki, bere semean abdikatzekoa, gure herrialdean demokrazia berreskuratu genuenetik izan den gertakari garrantzitsuenetako bat da. On Juan Carlos, kargua hartzean agindu zuen gisan, espainiar guztion errege izan da, eta jakin du bere maitasuna eta hurbiltasuna helarazten; baina baita Konstituzioak ematen dizkion ahalak betetzeko ardura erakusten ere”.

Iñigo Urkullu lehendakaria: "Euskal herritarren eskubide historikoak eguneratzeko aukera bat da, [Espainiako] Koroarekin negoziatuz, hark eskubideok aitor ditzan. Eusko Jaurlaritza erabat prest dago zabaldu zen garai berri honetan laguntzeko, demokrazian, askatasunean eta elkarbizitzan sakontzeko".

Ezker Batua - Berdeak: "Gaur egun, ezin liteke ondorengotza besterik gabe izan, herritarren zati handi baten ustez, instituzio zaharkitu, anakroniko eta antidemokratikoa bada. Espainiako Estatuan bizi den jende gehienak ez du aukeratu erregimen monarkiko baten pean bizitzea; beraz, garaia da galdetzeko zein eredu nahi dugun etorkizunerako".

Larraitz Ugarte, Gipuzkoako Foru Aldundiko eleduna: "Agerian geratu da Espainiako Estatua desegiten ari dela, eta krisi politiko larrian dagoela. Tamalez, erregeak abdikatuta utziko du kargua, ez herritarrek kenduta. Hori ere ez da egokiena: benetako erregenerazio bat behar litzateke. Argi geratu dena da Espainiak arazoak dituela nazioarekin, sistema politikoarekin eta monarkiarekin. Guk, Euskal Herrian, gure bidea egin nahi dugu".

Alternatiba: "Alternatibak operazio estetikoa deritzo abdikazioari, herritarrei bizkarra ematen dien erregimen ustela makillatzeko asmoa duena".

Carlos Garcia Adanero, UPN: "Izan dugun enbaxadore onena izan da, eta bere erregealdiaren azken egunera arte ari da horretan".

EH Bildu: "Franco diktadoreak izendatu zuen, aurreko erregimenaren jarraipena lotuta eta ondo lotuta utziz. Orain, abdikazioarekin, egungo estatu eredu ukatzailearekin jarraitzeko eta benetako haustura demokratikoa eragozteko ahalegina egin nahi dute. Frankismotik eratorritako eredu politikoa krisi sakonean dago, erabat pitzatuta".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.