PSOEk eta PPk Espainiako Konstituzioan finkatu nahi dute erakunde publikoen gehieneko defizita, eta hori hala izateko Konstituzioa aldatzeko tramitea bihar hasiko da Espainiako Parlamentuan. Aurreikuspenak betetzen badira astebeteren buruan amaituko da prozesua, Senatuak neurriari babesa emanda.
Gipuzkoako Benetako Demokrazia Orain taldeak Konstituzioan egin nahi den aldaketa hori erreferendum bidez bozkatu ahal izatea eskatzen du. Neurria "antidemokratikoa" izateaz gain "antisoziala" ere badela uste du talde honek. Horregatik, mobilizazioak iragarri ditu tramitazioak irauten duen bitartean. Gaurtik hasi eta ostiralera arte lapikoekin burrunba egingo dute egunero 20:00etan Donostian Bulevarrean eta Gipuzkoako beste hainbat herritan.
Mobilizazioak izan dira asteburuan erreferenduma eskatuz
Asteburuan hainbat mobilizazio burutu dira erreferenduma eskatuz; ehunka lagun atera ziren atzo kalera Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Iruñean 250 bildu ziren, eta Donostian, 200. Bilkura horietan parte hartu zutenen artean zeuden, Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerrako kidea, Mikel Izagirre eta Arantza Gonzalez Ezker Batuko kideak, Jesus Uzkudun CCOOko ordezkaria eta Manuel Velasco CGTko kidea.
35 diputatuk hala eskatuz gero, neurria erreferendum batean onartzera behartu dezakete, eta horretarako gakoa CiUk eta PSCk izan dezakete.