Errefuxiatuak etxerantz doaz. KARLOS ZURUTUZAren kronika Libiatik

2011ko abuztuaren 24a
08:49
Entzun

"Leila gazteak eta nire alabak negar batean esan zioten agur elkarri atzo. Nolanahi ere, pozik gaude denok etxean». Mariam Hafizen hitzak zintzoak dira oso. Tunisiar bulegari honek sei hilabetez izan du libiar familia bat etxean, Gaddafiren kontrako matxinada iragan otsailean piztu zenetik.

Datu ofizialen arabera, Libiako milioi erdi bat errefuxiatuk jo dute Tunisiara azken hilabeteotan, gerra zibiletik ihesi. Horietatik 50.000 inguru Tatauine eskualdean babestu ziren. Tunisiako eskualde txiroena izan arren, 3.000 libiarrek baino ez dute jo behar izan basamortuan altxatutako kanpamenduetara. Zalantzarik gabe, tatauindarren abegikortasuna itzela izan da larrialdia sortu zenetik.

Edonola ere, Hhnelako giza olde erraldoiak biziki aldarazi du eskualdea berriki. Kaleak zer egin ez zekiten errefuxiatuez josita egon dira, eta libiar bandera ugariz beteta zegoen ingurua. Nonahi zeuden libiarren altxamendua iragartzen zuten oroigarriak. Sei hilabetetan kaleko postuetan saldu ohi dira azken hauek, baina saltzaileek jeneroa aldatu dute egun. Gaur Ramadanaren bukaera ospatzeko opariek ordezkatu dituzte hiru koloreko oihalak.

Uda partean erraz gainditzen dira 40 graduak Tatauinen, eta baraua ilunabarrean bukatu ondoren, jendea kalean elkartzen da lagun edo familiarteko solasaldian te ontzi baten inguruan. Libiar familiekin azken hilabeteotan sortutako loturak indartsuak dira oso. Ez da harritzekoa, beraz, mugaren beste aldetik datozen albisteak izatea gau eta aire zabaleko solasaldietako gai nagusiak.

«Saif al Islamek —Gaddafiren semeetako bat— alde egin du, nola liteke?», dio Hafizek. «Ez dio axola. Gaddafiren bunkerra setiopean daukate jada, ordu gutxiko kontua izango delakoan nago», gaineratu du Hassan bere lagunak. Hamidek, aldiz, Libiako etorkizun hurbilaz galdetzen dio bere buruari: «Nolako egoera izango da Tripolin Gaddafi erori ostean? Biolentzia etnikoa nagusituko da, Bagdaden bezala? Beirut berri bat ote? Hala bada, ziur egon gure anaia libiarrak berriz hartu beharko ditugula».

Libian ere aldaketa ugari

Tatauinen izandako azken errefuxiatuetako asko Dehiba herrian daude, Libia eta Tunisia arteko muga igarobidean. «60 urte ditut eta nekez gogoratzen naiz Gaddafirena ez zen beste aginte batez», dio Najib Taguzek.

Ingeniari hau Gerian hirikoa da, matxinoek mendean hartutako azken hirietako batekoa. Segurtasun egoera biziki hobetu dela ikustean, Taguz Tunisiara doa, bere emazteari ebakuntza bat egin diezaioten eskuineko eskuan.«Gaddafiren erregimena bukatu da; XXI mendean sartu gara, azkenik!», gaineratu du libiarrak, frantziar tanke baten kontra jaurtitako granada baten kutxa eskuan duela. Oraindik ez daki oroigarria Tunisiara eramaten utziko ote dioten. Tunisian sartzeko ilaran daudenen artean, berriz, egiptoar ugari topa daitezke, bai eta Tripoliko familia arruntak ere: «Zorionez, Tripolitik alde egitea lortu dugu. Egoera jasanezina da han, izututa geunden denok», dio Hassan Befizkarrek, auto ilaran zegoela. «Zortea lagun, aurki bueltatuko gara etxera», gaineratu du Jezira bere emazteak.

Matxinoen kontrol postuan gure pasaportea ikuskatu ostean, aurrera jarraitzeko baimena ematen digute. Uazzin dugu lehen herria Libian, mugatik hiru kilometro eskasera. Berbere herrixka erabat suntsituta egon arren, lehendabiziko aldaketak oso agerikoak dira. Iragan hilabetean BERRIA hemendik pasa zenean, mamu-herri bat baino ez zen Uazzin, beste hainbat herri bezala. Egun, ordea, etxera itzuli diren hainbat herritarrek gonbidatu gaituzte tea hartzera.

Areago, ekialderantz 50 kilometro eginda, ustekabean harrapatu gaitu Nalut herriko kontrolgunean ikusitakoak. Bertako zaindariak Tripolitik iristen diren azken albisteak jarraitzen ari dira telebistatik. Argindarra bueltatu omen da Nalutera. «Duela bi aste berreskuratu genuen argia. Tiji eta Gezaia mendean hartu ondoren, astebeteko konponketa lana baino ez genuen behar izan elektrizitatea gurera bueltatzeko», dio Osama gerlariak.

Naluten berebiziko algara dago. Batetik, herritar ugari bueltatu dira Tunisiatik Ramadana etxean igarotzeko asmoz; bestetik, nekez urrun daitezke telebista pantailen aurretik. Azken albiste eta irudien arabera, Gaddafiren atxiloketa —edo hilketa— ordu gutxiren buruan suerta liteke. Naluteko media gunera iritsitako nazioarteko informatzaile ugari urduri daude azken albisteari eustearren. Bertakoak, aldiz, itxaropentsu, Gaddafiren azkenaren lekuko baitira denak egun. Baliteke gaur izatea azken lau hamarkadetan Gaddafi agintean ez dagoen lehen eguna.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.