Migrazioak

Errefuxiatuei bidea ixten dieten hesi «maltzur eta altuez» ohartarazi dute

Migratzaileen lan esplotazioren eta armen esportazioaren aurkako mezuak ozendu ditu Mugak Zabalduz karabanak.

arantxa iraola
2020ko abuztuaren 29a
19:50
Entzun

Migratzaile eta iheslarien aldeko egitasmo sorta sustatzen du Mugak Zabalduz karabanak Europa osoan; horri atxikita, Bizkaian ekitaldi ugari egin dituzte gaur, eta helburu nagusia izan dute propio aurtengorako karabanaren sustatzaileek ondu duten manifestuak dioena nabarmentzea: errefuxiatu eta migratzaileei bidea ixten dieten hesi «maltzur eta altuez» ohartaraztea. Karabana osatzen duten elkarteek Balkanetara eraman nahi zuten aurten aldarria, milaka errefuxiatuk han egoera aski gogorra «pairatzen» dutela gogora ekarrita, baina pandemiak eragotzi egin die hara joatea.

Bermeon abiatu dute gaur egitaraua; migratzaile askok pairatzen duten «lan esplotazioa» salatzea izan da han helburuetako bat. Etxeko Langileen Elkarteko kolaboratzaile Maria Juncayk hartu du hitza, eta, bereziki, alor horretako beharginen egoeraz ohartarazi du. Emakume migratzaileek jardun behar izaten dute maiz etxeko langile, egoera aski kaskarretan gehiegitan, eta lan baldintza egokiak bermatze aldera, legean «hutsuneak» daudela deitoratu du. Esan du «presazkoak» direla egoera hori onbideratzeko neurriak; izan ere, izurriak hainbat egoera larri gordindu egin ditu. Eskubideen defentsa «hautazkorik» ez dela gogoratu du.

Izan dira aldarri gehiago ere. Arratsaldean, esaterako, Barakaldora jo du karabanak. ITP Aero enpresan geratu dira. Eusko Jaurlaritzaren laguntzak jasotzen dituen enpresa bat dela gogoratu dute, eta jarduera militarrei begirakoa duela ekoizpena. KEMeko Alberto Estefaniak hartu du, besteak beste, hitza. Gogora ekarri du gerrak «gizateriaren aurkako krimena» direla, eta «bulego aski dotoreetan planifikatzen» direla. Ezinbestekotzat du «armagintza eta armen esportazioa» salatzea: «Gerra hemen hasten da. Gera dezagun hemen». 

Bihar Plentziara eta Gorlizera joatera deitu dute: migratzaileen erregularizazioaren aldeko kanpaina bat abian da, eta horren gaineko xehetasunak emango dituzte. Itsaso ondoan nola egongo diren, lore eskaintza bat egingo dute han bertan; Europara heltzeko ahaleginetan bizia galdu duten iheslariak oroituko dituzte.

EBri kritika egin diote

Karabanak gogor salatu du Europako Batasunak iheslarien errealitatearen aurrean hartu duen «norabide autoritarioa». COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, iheslarien egoera okertu dela adierazi du, eta, hala ere,  jarrera horretan irmo dirauela, «praktika nekropolitikoak biziberritzeko estrategia berrituetan» katramilatuta.

Balkanetan iheslariek pairatzen dituzten hainbat egoera larriren inguruan ohartarazi nahi izan du, bereziki, karabanak. Esaterako, Kroaziako mugako poliziek herrialde islamdarreko iheslariei egindako «umiliazioetako» bat salatu nahi izan du: buruetan «gurutze kristauak» marrazten dizkiete. Tankerako bidegabekerien aurrean entzungor, Europako Batasuneko politikak, oro har, mugak «gehiago blindatzera eta migratzaile irregularrak kanporatzera» doazela adierazi du.

Eskari ugari plazaratu ditu karabanak. Lehen-lehena errefuxiatuen erregularizazioa bermatzea da: «Premiazko erregularizazio iraunkorra administrazio egoera irregularrean dauden pertsona guztientzat». Eskakizun gehiago ere baditu: atzerritarrei zuzenduriko legeak eta araudiak indargabetzea, migratzaileak atxikitzeko zentroak ixtea, Frontex desegitea, eta mugan bertan egiten diren itzulketak bertan behera uztea, besteak beste. «Elkartasuna herrien eta pertsonen arteko bide komuna da behartutako joan-etorriak eragiten dituzten zergatien aurrean», nabarmendu du. «Ezin dugu beste aldera begiratu edo gure herrialdeetan zailtasun ekonomiko asko ditugula argudiatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.