Gizartea sentsibilizatzeko asmoz eta gobernuen migrazio, asilo eta mugetako kontrol politikak salatzeko, performance-protesta berezia egin dute gaur eguerdian Donostian, Kontxako hondartzan. Kaitik iritsitako bi ontzitatik hainbat lagun erori dira itsasora, errefuxiatuak balira bezala. Itsas Salbamendu Humanitarioko boluntarioak haien bila joan dira, eta hondartzara iristen lagundu diete. Bitartean, dozenaka lagunek harresi bat irudikatu dute.
Mugak eraisteko aldarria egin dute, muga hori hondarretara botaz. "Mugarik ez!" eta "Ongi etorri errefuxiatuak!" oihuak egin dituzte protestan parte hartu dutenek. "Gaur egun 65 milioi desplazatu daude; inoiz ez bezalako egoera dramatikoa da. Horren aurrean, Europako migrazio eta asilo politikek, giza eskubideak bermatzen dituen erantzun bat eman ordez, milioika errefuxiaturen bizitzak arriskuan eta egoera latzetan jartzen dituzte", esan dute Gipuzkoako Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako ordezkariek. "Mediterraneo itsasoa munduko hobi komun handiena bihurtu dute, han 25.000 pertsona baino gehiago hil baitira azkeneko urteetan".
Ekainaren 20a Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izan zen, eta egun horren karietara antolatu dute gaurko protesta. "Pertsona asko bizitza salbatzeko bere lurraldea eta jatorria uztera behartzen duen mundu honetan, bada garaia errefuxiatuekin bat egiteko. Exiji dezagun Europako migrazio politikek giza eskubideak berma ditzatela eta errefuxiatuek behar duten babesa jaso dezatela".
Ongi Etorrri Errefuxiatuak plataformaren deialdiarekin bat egin dute hainbat taldek: Amnesty International, Intermon Oxfam, Hotz Zarautz, Zaporeak, SOS Arrazakeriak eta SMH.
Hondartzan ziren donostiarrek eta turistek harriduraz ikusi dute performancea.