Hirugarren urtea dute aurten errefuxiatuen alde kalera ateratzen direna. Ehunka lagun elkartu dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta "Europako Batasunaren politika ankerrak" salatu dituzte. EBk ez ezik "gertuagoko erakundeek" ere jarrera bera dutela salatu dute, eta giza eskubideen errespetuarekin keztatu beharrean, "gerraren negozioarekin aberasten eta mugak zaintzearekin" arduratuta egotea egotzi diete. Santurtzin "lotsaren murrua" dagoela salatu dute.
Azken urteetan egoerak okerrera egin du, manifestazioetan bildu direnen ustez. "Europa inoiz baino espetxeago da". Asko dira Europara bidean itsasoan itota hiltzen direnak; "Mediterraneoa hobi komun bat da", salatu dute, "eta Saharako basamortua, beste bat". Gainera, "atxiloketa guneak" gero eta beteago daudela ohartarazi dute, eta azpimarratu han dauden pertsonek "beren herrian ukatzen dieten bizi berri bat topatu" nahi dutela.