Ikuspegi Inmigrazioaren Euskal Behatokiak 2018ko Barometroa aurkeztu du goizean. Gorka Moreno zuzendariaren esanetan, emaitzak "positiboak" dira. Nabarmendu du 2004an azterketa egiten hasi zirenetik tolerantzia indize altuena neurtu dela aurten: 59,71. Era berean, egonkortu egin da herritarren jarrera asimilazionista; hau da, azken urteetan bezala, integrazioa lortzeko esfortzua etorkinek egin behar dutela uste du gehiengoak. Oso gutxi dira euskal herritarrek kanpotik etorritako kulturak ezagutu beharko lituzketela uste dutenak.
Abegi hobea egiten zaie antzekotasun sozio-ekonomiko handiagoak dituzten etorkinei. Hala, herrialde musulmanetatik etorritakoek sortzen dute mesfidantza gehien. Datozen urteetara begira, Magreb aldetik etorritakoen gorakada aurreikusten dute herritarrek, nahiz eta estatistika ofizialek gehiengoa Hego Ameriketakoak izango direla esaten duten.
Estereotipoak ere egonkor mantendu direla nabarmendu du Morenok. Batez ere, oso hedatuta daude honako usteak: onura handiegia lortzen dutela gizarte babeserako sistematik eta gehiegi baliatzen dira diru sarrerak bermatzeko errentaz. Kontrara, gero eta gutxiago dira zenbat eta etorkin gehiago segurtasun gutxiago ekuazioa babesten dutenak. Morenok azpimarratu du urte hasieran Bizkaian izan ziren gertaeren ondoren egin zela inkesta, eta, hala ere, beherako joerari eutsi zaiola.