Orriak eta orriak egunkarietan, orduak eta orduak irrati eta telebistetan... Iñaki Urdangarinen ibileren albisteek Juan Carlos I.a erretxintzea lortu dute, baina ez dute lortu, ez, Espainiako erregearen eta haren familiaren jabetza eta diru kontuenak argitzea. Egia da, bere burua zuritu nahian edo, abendu honetan, 33 urtean lehen aldiz, errege etxeak zertxobait zehaztu duela urtero Espainiako Estatuaren aurrekontuetatik jasotzen duen diruaren banaketa.
Baina, magnanimitate keinuak gorabehera, monarka ederki asko moldatzen da bere jabetza, finantza, komisio eta negozioak isilean gordetzen, Espainiako pertsona publiko nagusia izan arren; are gehiago eredugarritasuna funtsezko —edo, gutxienez, itxurazko— ezaugarri duen instituzio bat izanik monarkia, egunotan Iñaki Anasagastik Vilawebeko elkarrizketa batean gogorarazi duen moduan. "Zerbitzari publiko bat da", esan du Anasagastik Borboikoari buruz. "Gastu guztiak ordainduak ditu, eta irabazten duen ia guztia aurrez dezake. Baina larriena da gero Forbes aldizkarian ikusten duzula Europako gizonik aberatsenetakoa dela, 1.900 milioi euroko dirutzarekin. Zenbakiak ez datoz bat!".
Antzeko isilpean, lotsaren lausoan edo gordetzen dira jada errege familiarenak izan gabe ia haiek soilik erabiltzen dituzten jabetzen ingurukoak ere. Jabe izaten jarraitu eta mantentze kostu guztiak bere gain hartu ordez, Espainiako erregeak erabaki zuen Ondare Nazionalari uztea bai jabetza bai gastuak, baina hark praktikan nahierara erabili ahal izatekotan. Hala, Espainiako erregearen egoitza nagusia, Zarzuela jauregia, Ondare Nazionalarena da, beste hainbat jauregi eta toki bezala. Gainera, Presidentetza Ministerioak hartzen ditu bere gain Zarzuelan lan egiten duten 150 beharginen soldatak eta bazkariak, baita argindarraren faktura ere: sei milioi euro inguru.
Jauregiak bakarrik ez; ehiza barrutiak ere baditu Espainiako erregeak nahierara erabiltzeko, inolako gasturik gabe, Parke Nazionalenak Ingurumen Ministerioarenak direlako. Ez da horretaz asko hitz egiten, baina, hain zuzen, joan den astean albiste bat agertu zen: sei eguzki arrano pozoiak hilda agertu ziren La Encomienda de Mudela etxaldean (Ciudad Real). Ehiza kudeatzaileek, omen, pozoia erabiltzen dute azeriak akabatzeko, eper gehiegi jan ez ditzaten. Parke Nazionaletakoek esan bezain laster etxalde hori eurena dela baina errege etxearen "ehiza kudeaketarako" erabiltzen dela, errege etxeak zehaztapen bat egin zuen, irudiarekin kezkatuta edo: erregea Mudelan ehizan "noizean behin" soilik ibiltzen dela, "beste etxalde batzuetan bezala".
105 milioi pezeta 1972an
Gauza bakar batengatik ez dago Donostiako Miramar jauregia halako baldintzetan: Juan Carlos Borboikoaren aitak, Joanek, saldu egin zion Donostiako Udalari. 1972ko abuztuaren 10ean egin zen salerosketa, salmenta agiria lekuko: "Haren Errege Gorentasun Joan Borboikoa eta Battembergkoak, Bartzelonako Kondeak" 105.583.120 pezetan saldu zuen jauregia, 630.000 euro inguruan.
Javier Sada hiriko kronikariaren arabera, 1965ean hasi ziren Miramar jauregia saltzeko gestioak. Jauregia (30.000 metro koadro inguru) eta lorategia (4.000 metro koadro) soilik gelditzen ziren Borboi familiaren eskutan. Joanek eta bere anai-arrebek salduak zizkieten gainerako lurrak (47.000 metro koadro) hainbat etxegintza enpresari.
Mauka izan al zen salmenta hura Bartzelonako kondearentzat? Zaila da hori neurtzen. Zenbait kronikariren arabera, Miramar jauregia eta Santanderko Magdalena jauregia saltzeko beharrean ikusi zuen bere burua Joan Borboikoak, argitu gabeko zenbait arrazoirengatik; eta, dagoen tokian egonda, nahiko argi zegoen 60ko hamarkadaren amaieran gora egin zezakeela zoru haren balioak.
Hori bai: aurretik, 1948an, Donostiako badiako uretan zegoen Azor ontzian bilduta, erbesteratutako monarkiari etorkizunean aukera bat eman nahian, Joan Borboikoak Francori baimena eskatu zion semeak ikasketak "Espainian" egiteko. Miramar jauregian ikasi zuen Juan Carlos gazteak, 1949etik 1955era.
Saldu bai, baina, berez, legez, Borboi familiarenak al ziren lur haiek guztiak? Bai. Alargundu zenean, Maria Kristina erreginaordeak erabaki zuen udak Donostian pasatzea, eta 1888an erosi zuen jauregia eraikitzeko zorua. Sadak azaldu duenez, dozena bat saltzaile ingururi erosi zien, nobleziako kideak ia denak.
Zati txiki bat, hori bai, Donostiako Udalarena zen: 1.900 metro koadro inguru. Loretopetik pasa behar zuen tranbiarako lur desjabetzeen prezioak aintzat hartuta finkatu zuten lur zati haren prezioa —dirudienez, Maria Kristinak ez zuelako opari gisa eskuratu nahi—. Guztira, 7.672 pezeta ordaindu zizkion udalari.
Erosketa hura onuragarria izan al zen erreginarentzat? Zaila da neurtzen orduan ordaindutako kopuruen bidezkotasuna. Beharbada, ondorioren bat atera daiteke Sadak dioena entzunda: "Egun bezala, garai hartan ere dirua zen guztien aberria; errege familia eta gortea Donostiara etortzearen aldeko ziren errepublikanoak ere". Pentsatzekoa da abantailaren bat jasoko zuela erreginaordeak erosketa harekin.
Maria Kristinaren seme Alfontso XIII.ak ere Miramar jauregian pasatzen zituen udak, Espainiako II. Errepublikak jabetza hura kendu zion arte, 1931n. 1933an, Donostiako Udalari eman zioten jauregia, Errepublikako presidentearen udako egoitza izateko baldintzarekin. Gero, gerra igarota, Francok Joan Borboikoari itzuli zion Miramar, 1941ean.
Udalaren jabetzapean, Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta udalak berak osatutako partzuergo batek kudeatzen du Miramar jauregiaren erabilera, 1985az geroztik. Eraikina berritzeko lan guztiak ere partzuergoak hartu zituen bere gain.
Musikeneko ikasketak, Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroak...: hainbat ekitaldi egiten dira, gaur egun, Miramarren. Juan Carlos I.ak ere bisitatu izan du jauregia; baina, hori bai, Espainiako erregeak ezin du harekin beste hainbatekin egiten duena egin: ez du hura doan eta nahierara erabiltzeko maukarik.