Erregeak euskal auzia saihestu egin zuela nabarmendu dute alderdiek

ETAk datozen egunetan kaleratu dezakeen agiriak Juan Carlos Borboikoaren mezuan eragina izan duela uste du EAJkErregeak ETAren biktimak gogoratu ditu, eta segurtasun indarren lana eskertu du

Aralarreko kideak, EITBren Bilboko egoitzaren aurrean eginiko elkarretaratzean, herenegun. BERRIA.
Erredakzioa
2010eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako errege Juan Carlos Borboikoak ohi baino gutxiago izan zuen ahoan Euskal Herriko gatazka politikoa. ETAren biktimak gogoan izan zituen, eta Espainiako polizien eta armadaren lana eskertu zuen. «Terrorismoa» amaitzeko «batasuna» beharrezkoa dela nabarmendu zuen Gabon gauean irakurritako adierazpen ofizialean. Esaldi bakar batean laburbildu zuen euskal gatazkari buruz esan beharreko guztia. Hamar minutu iraun zuen agerraldiak,eta krisialdi ekonomikoa izan zuen hizpide. Espainiako bi alderdi nagusiei, PSOEri eta PPri, elkarlana eskatu zien alor horretan.

Espainiako erregeak euskal gatazkari eginiko erreferentzia urria nabarmendu dute Euskal Herriko alderdi politikoek. Alderdi abertzaleen ustez, datozen egunetan ETAk publiko egin dezakeen agiriak izan du eragina horretan. PSE-EE eta PPren irudiko, berriz, «herritarrei gehien interesatzen zaizkien arazoak» nabarmendu zituelako alboratu zuen gaia Espainiako erregeak.

Josu Erkoreka EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramailearen arabera, «izugarri laburra» izan zen Espainiako erregeak Euskal Herriko egoera politikoari egindako aipamena, «ziurrenik azken urteetako laburrena». Buruzagi jeltzaleak uste du ETAren balizko agiri baten «zurrumurruak» eragina izan duela Juan Carlos Borboikoaren mezuan. «Errege etxean jakin badakite alde bakarreko su-eten iraunkor eta egiaztagarri bat iragarri dezakeela ETAk».

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailearentzat, berriz, «positiboa» izan da erregearen mezua, «herrialdearen arazoekin eta eguneroko errealitatearekin lotura duelako».

Ildo beretik mintzatu da EAEko PPren idazkari nagusi Iñaki Oiarzabal ere. «Zentzuzkoa izan da, eta krisia izan du ardatz, hori baita herritar gehienen kezka nagusia», adierazi du.

Jon Abril Aralarreko koordintzaileordeari, berriz, atentzioa eman dio Espainiako erregeak euskal gatazkari «hain denbora gutxi» eskaini izanak. Erkorekak bezala, Abrilek ere uste du ETAren balizko agiri batek eragina izan duela diskurtsoa lantzerako orduan. «Adierazgarria da oso indarkeriari zeinen tarte txikia eskaini dion erregeak». Horren harira, Abrilek Juan Carlos Borboikoari galdetu dio ea «lerro artean» herritarrek zerbait irakurri behar duten. «Besteok ez dakigun zerbait badakien susmoa daukat», nabarmendu du Aralarreko kideak.

Era berean, Abrilek salatu du Espainiako erregeak alde bakarreko biktimak bakarrik izan dituela gogoan. «Betiko moduan, ETAren indarkeriaren biktimak baino ez ditu gogoan, eta ahaztu eta baztertu egiten ditu bera buru den estatuak eragindako biktimak eta motibazio politikoak eragindako bestelako biktimak, baita bera boterean ezarri zuen frankismoa bera gaitzestea ere».

Espainiako erregearen diskurtsoari buruzko hausnarketa plazaratu du Eusko Alkartasunak ere. «Espainiako erregea ez da gai izan Gabonetako mezua Euskal Herriak hasitako garai politiko berrira egokitzen», salatu du Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak. «Antza, erregeak ez daki, berearen gisako mezuak entzunda ere, gure herrian bakea gero eta hurbilago dugula», nabarmendu du.

Juan Carlos Borboikoak Espainiako erresumaren batasunari eginiko erreferentziak kritikatu ditu, halaber, Oskar Matute Alternatibako eledunak. Matutek erregeari eskatu dio ez oztopatzeko bake eta normalizazio agertoki bat martxan jartzeko ahaleginak.

H1 Hamaikabaten arabera, Juan Carlos Borboikoaren hitzaldiak agerian utzi du «monarkiaren eta gizartearen artean dagoen distantzia». «Erregearen diskurtsoak ez du arretarik erakartzen Euskadin».

Espainiako erregeak krisialdi ekonomikoari buruz eginiko aipamenak ere kritikatu dituzte alderdi gehienek.

Serafin Llamas Ezker Batuaren bozeramailearen arabera, jarrera «zinikoa» erakutsi zuen Espainiako erregeak. «Oso erraza» da kaltetuekiko elkartasuna adieraztea jauregiko tronuan eserita zaudela».

EAren ustez, espainiako erregeak «neurri neoliberalak» baino ez ditu proposatu krisiari aurre egiteko. «Sakrifizioak betikoek, hau da, gutxien dutenek egin behar dituztela, alegia».

Antzera mintzatu da Aralar.«Berak ahantzi egiten du krisi honen sorreran indarrean dagoen eredu ekonomikoaren garapenean duen ardura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.