Agerraldia egin zuten larunbatean "Nafarroako eremu ezberdinetako" hamarnaka gazteek Iruñean, Ernai eta Ikasle Abertzaleak antolakundeen ekimenez. 'Erregimena kanpora!' dinamika aurkeztu zuten, Nafarroak "bizi duen une honetan gazteria eragile aktiboa" izan dadin.
"Erregimena" deitutakoa izan zuten presente gazteek, "Nafarroan aldaketa eman ez dadin eta betikoek bere pribilegioei eutsi diezaioten" lanean ari diren sektoreak, alegia. Eta sektore horiek ere zerrendatu zituzten: UPN, PSN, Opus Dei, botere ekonomikoak, UGT eta CCOO sindikatuak... Adierazi zutenez, horien ekimenez gauzatutako "eskubide murrizketak eta eraso ugariak" pairatu dituzte gazteek. UPNren azken legealdian izandako "ustelkeria kasuak" ere izan zituzten gogoan: "egoera soziala larriagotu duten bitartean, batzuk poltsikoak betetzen jarraitu dute". Gainera, egungo krisi egoeran gazteriak "egoera bereziki prekarioa" bizi dutela salatu zuten, etorkizuna "hipotekatua" dutela esanez.
Egoera horri aurre egiteko asmoz abiatu dute, hain zuzen ere, 'Erregimena kanpora!' dinamika, "aldaketa bere kabuz ez dela etorriko" nabarmenduta. Are gehiago, "Erregimenak aldaketa saihesteko trikimailuak" egingo dituela ohartarazi zuten, eta horren aurrean "herritarron arduratzat" jo zuten Nafarroan aldaketa politikoa gauzatzea, "gazteak protagonista eta aitzindari" izanez. Horretarako, herriz herri gauzatuko dute dinamika Ernaik eta Ikasle Abertzaleak antolakundeek, eta manifestazioa egingo dute Iruñean 2015ko maiatzaren 16an, "ikasturte osoko lan eta indar bilketaren erakusle gisa".