Auzitegi Gorena bihar hasiko da Sorturen inguruko erabakia eztabaidatzen. Hain zuzen, Sorturen abokatuek gaur 13:00etan aurkeztu dituzte euren alegazioak han. Alderdi baten erregistrorako pausoak eta hauteskunde epeak hauek dira:
Espainiako Gobernua
• Barne Ministerioa. Sortu alderdi berriak Espainiako Barne Ministerioaren erregistroan izena eman zuen otsailaren 9an. Barne Ministerioak erregistrorako pausoak moztu egin zituen, eta Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari eman zizkien estatutuak, azter zitzaten.
Fiskaltza eta Estatuaren abokatua
• Inpugnatu edo ez. Erregistro eskaera Auzitegi Gorenean inpugnatu edo ez erabaki behar zuten. Biek erregistroaren kontrako eskaera aurkeztu zuten.
Auzitegi Gorena
• Tramitazioa. Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak igorritako inpugnazioak jaso ondoren, alegazioak aurkezteko epea ireki zuen. Sortuk gaur aurkeztu ditu
• Auzi saioa. Alde guztiek argudioak azal ditzaten auzi saioa hasiko du.
• Erabakia. Auzi saioa egin eta egun gutxira iritsiko litzateke Gorenaren erabakia. Hauteskunde deialdia baino lehen erabakitzeko denbora dago.
Hauteskunde epeak
• Alderdien parte-hartzea. Hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko alderdiek eta alderdien arteko koalizioek lehendabizi ordezkari orokor bat izendatu behar dute Hauteskunde Batzorde Zentralaren aurrean. Hauteskunde deialdia egin eta bederatzi egun bete baino lehenago egin behar dute, Hauteskunde Legearen arabera. Ordurako, jakina, alderdiak erregistratuta egon behar du. Udal eta foru bozak 2011n maiatzaren 22an izango direnez, tramite hori martxoaren 29tik apirilaren 6ra bitartean bete beharko da. Alderdi berria hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko, apirilaren hasierarako legeztatuta egon beharko da.
• Zerrendak. Deialdia egin eta hamabosgarren egunetik 21. egunera bitartean aurkeztu behar dituzte zerrendak alderdiek, koalizioek edo hautesle elkarteek (apirilaren 13tik 18ra). Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak inpugnatu ahal dituzte, eta Auzitegi Gorenari eskatu baliogabetzeko.