Gizartea

Errekaleorrek eskerrak emango ditu igandean

Iberdrolak auzoko argia moztu eta urte batera auzoa “energetikoki burujabea” dela nabarmendu dute Gasteizko auzoko bizilagunek.

Gaur goizeko agerraldiaren irudia. JUANAN RUIZ / FOKU
Jon Rejado.
2018ko maiatzaren 18a
12:57
Entzun

Duela urte bat Iberdrolak Errekaleor auzoko argindarra moztu zuen. Bizilagunek energia kontsumo eredua aztertu, eta bide berria finkatu zuten. Eguzki plaken alde egin zuten apustu, baina horretarako 100.000 euroko inbertsioa behar zuten. Iazko ekainaren 3an egiteko diru bilketa hasi zuten, baita behar zuten dirua lortu ere. Bada, helburua erdietsita eta azpiegitura martxan dagoela, argi mozketaren urteurrena ospatuko dute inbertsioa egiten lagundu zieten kideak auzora gonbidatuta, 100MilaEsker egunean.

Maiatzaren 20an, igandean, zenbait jarduera prestatu dituzte. 11:00etan ongi etorria emango diete bisitariei. Eguzki plakei bisita 17:30etan izango da, eta 18:30etan ekitaldi nagusia egingo dute. Halaber, gogorarazi dute bi aste barru auzoko jaiak ospatuko dituztela, baita iragarri ere urteurren bateratua prestatzen ari direla beste eragile batzuekin batera: Gasteizko Gaztetxea, Hala Bedi irratia eta Auzolana pilotalekua.

Errekaleor Bizirikeko kideek azken urteko bilakaerari buruzko hausnarketa ezagutarazi dute. “Euren kolpea gure iraultza txikia indartzeko pizgarria besterik ez zen izan”, hausnartu dute Errekaleor Bizirikeko kideek. Auzo eredu “burujabe eta feminista” batera igaro dela hausnartu dute, baita energiaren jabetza “kolektibizatu” ere. Urte batean argindar kontsumoa %90 urritu dutela aipatu dute. Are, prozesu hori guztian azpiegituren segurtasuna bermatu dutela berretsi dute, publiko diren agirietan jaso dutenaren arabera.

Azkenik, gogorarazi dute ez dagoela mugimendurik auzoaren inguruan dauden auzibide eta tramite administratiboen inguruan. 26. atariaren aurkako auzibidearen helegitea Espainiako Auzitegi Gorenean dago oraindik, ebazpenaren zain. Auzoa eraisteko proiektua idatzita egon beharko litzateke, baina Gasteizko udalak ez du ezer ezagutarazi horren inguruan, eta, azkenik, bizilagunak kaleratzeko prozesuan ere ez dago mugimendurik. Errekaleorren bizi direnak identifikatu beharko lituzkete, baina ez da halakorik gertatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.