Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko parlamentariak gaur esan du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sorturen gainean erabaki "positiboa" hartzea espero duela, alderdi horrek legea "zorrotz" betetzen duelako. Radio Euskadin egin dituen adierazpenetan, azaldu du auzia gehiegi luzatu dela eta, berez, epaitegietara ere ez zuela iritsi behar.
"Espero dezagun epaia berehala iristea, eta, noski, positiboa izatea. Euskal Herrian ireki den jokaleku berrian, horren beharra daukagu", esan du. Nabarmendu du indarkeriak ez duela lekurik ezker abertzalearen estrategian, eta Aguraingo erasoa jarri du horren adibide. Gogora ekarri du politika egitea eskatu zaiola aspalditik ezker abertzaleari, eta salatu du hori egin nahi duenean zangotraba jarri besterik ez zaiola egiten.