Antibiotikoak

Erremediorik ez

Ez dugu erremediorik. Antibiotikoen erabilpen traketsaren erruz, hilgarri izateari utzi zioten gaitz askorentzako sendabiderik gabe gelditzen ari da gizakia. Ez dago, oraingoz, haiek ordezkatzeko antibiotiko berririk.

'Neisseria Gonorrhoeae' bakterioa. CDC
Irune Lasa.
2014ko urtarrilaren 12a
09:10
Entzun

Familia Egipton oporretan zegoela hasi zen guztia, uztail honetan. Sabeleko minez, ospitale pribatu batean hartu zuten aita, 40 bat urteko gizona, eta han antibiotiko injekzioekin artatu hamahiru egunez. Jaioterrira, Herbehereetara itzuli, eta lau egunera ospitalean ziren berriz, Groningenen: apendizitisa zen. Ebakuntza egin zioten, eta beste antibiotiko batzuekin artatu bost egunez. Hobera egin zuen gizonak.

Baina piramideen eta Itsaso Gorriko oroitzapenekin batera, gizon hark Egiptotik beste zerbait ere bazekarrela antzeman zuten, haren laginen hazkuntzetatik abiatuta. Antibiotiko askorekiko erresistenteak ziren hainbat bakterio andui zekartzan, ia ziur Egiptoko ospitalean hartuak. Horien artean, Klebsiellapneumoniae eta Escherichia coli enterobakterioak, medikuntzan besterik ezean erabili ohi diren antibiotikoekiko multierresistenteak ziren. Aitari bakarrik ez, emazteari eta bi haurrei ere hainbat motatako bakterio andui multierresistenteak topatu zizkieten, nahiz gaixotasunik agertu ez.

Hainbat osasun agintarik nightmare bacteria (amesgaiztoetako bakterio) deitu diete halakoei, eta Groningengoa ez da, inondik ere, halako erresistentzia erakusten duten anduiak Europan agertzen diren lehen aldia. Antibiotikoak agertu bezain pronto agertu zen haiekiko bakterioen erresistentzia. Antibiotiko berriak sortuz konpondu da hori orain arte. Baina familia herbeheretar hark gainean zeramatzan bakterio horietako zenbaitek eragin ditzaketen infekzioek ia sendabiderik ez dute; ez dago antibiotiko berririk haiei aurre egiteko. Eta bakterioek erresistentziak garatzen jarraitzen dute, gizakiok trakets erabiltzen ditugulako dauzkagun antibiotikoak.

1928an penizilina aurkitu zuen Victor Flemingek berak iragarri zuen 1945ean Nobel Saria jaso zuenean: "Ez da zaila mikrobioak penizilinarekiko erresistente bihurtzea laborategian, haiek hiltzeko adinakoak ez diren kontzentrazioen eraginpean jarrita... Arriskua hor dago: gizaki ezjakinak bere burua azpidosiekin erraz artatu, eta sendagai kopuru ez-hilgarrien eraginpean jarriz bere mikrobioak erresistente egiteko".

Eboluzioa

Saihetsezina da. Eboluzioa da. Izaki bizidun orok bezala, bakterioek iraun egin nahi dute. Asko dira, eta hori dute alde: organismo batean, hainbeste bakterioren artean oso posible bakar bat gai izatea —adibidez mutazio bati esker— antibiotiko bati aurre egiteko. Eta antibiotikoak erabiltzean, erresistentea den bakar hori nagusitu egingo da.

"Zenbat eta antibiotiko gehiago erabili, zenbat eta gehiagotan jarri bakterio bat antibiotiko baten eraginpean, handiagoa izango da antibiotiko horrekiko erresistentzia garatzeko probabilitatea", azaldu zuen elkarrizketa batean CDCko (Centers for Disease Control) Arjun Srinivasan doktoreak. "Zenbat eta antibiotiko gehiago eman jendeari eta ganaduari, zenbat eta antibiotiko gehiago utzi ingurumenean, aukera gehiago ematen diegu bakterioei erresistente bihurtzeko".

Eta CDCko medikuaren ustez, iritsi da egunkari eta aldizkarietako Antibiotikoen amaiera? tituluari galdera marka kentzeko unea. "Hementxe gaude, antibiotikoen ondoko aroan. Dauzkagun gaixoentzako terapiarik ez dugu. Ohean dauzkagu, infekzio batekin. Duela bost urte artatu ahal izango genituen, baina orain ezin dugu...".

Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) zuzendari Margaret Chan ez da baikorragoa: "Egungo joerak mantenduz gero, erraza da etorkizuna iragartzea. Antibiotikoen aurreko arora itzultzen ari garela diote. Ez. Hau antibiotikoen ondorengo aroa izango da. Ordezkapenezko antibiotiko berrien ekoizpena praktikoki geratuta dago, batez ere bakterio gram-negatiboei [gehienbat enterobakterioei] dagokienez. Armairua ia hutsa dago".

Donostia Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuko buru eta EHUko Medikuntza Fakultateko katedradun Emilio Perez-Tralleroren ustez, nazioarteko osasun agintarien alarma deiak zuzenak dira. "Iragan urteetako gure esperientziak esaten digu arazoa konpondu ezin bada ere hura geldotu dezakegula, eta zenbaitetan neurri batean lehengoratu. Etengabeko eboluzioan dauden bilioika mikroorganismoak beti gailenduko dira haiek akabatzeko saioei. Gure egitekoa da erresistentzien maiztasuna handia izatea saihestea eta arrazoizko mailan geldi daitezen lortzea. Egun, inor ez da ari saiatzen arratoiak iraungi daitezen, baina saihestu behar dugu arratoiak gure etxean eta inguruetan ibiltzea".

Antibiotikorik gabeko mundua

Zer esan nahi luke, bada, antibiotikorik gabeko mundu batera itzultzeak? Intsektu baten ziztada batek, erredura batek edo odol transfusio batek heriotza ekar zezakeen mundura itzultzea. Amigdalitis bat edo belauneko zauritxo bat hilgarria izatea haur batentzat. Antibiotikoak sortu aurretik, mila erditzetik bostetan hiltzen zen ama; pneumoniak hilobira eramaten zituen hamar gaixotik hiru...

Infekzio asko sendatzen dituzte antibiotikoek, baina giza osasunean duten garrantzia harago doa. Infekzioen aurkako babes tresna diren heinean, antibiotikoei esker egin daitezke egiten diren ebakuntzak, organo transplanteak, minbizia artatzeko kimioterapia eta erradioterapia tratamenduak, artritis erreumatoidearentzako tratamenduak... Antibiotikoei esker lortzen da hainbat haur goiztiarren heriotza eragoztea ere. 85 urte pasatu dira antibiotikoak sortu zirenetik. Haiei eta txertoei esker gizakiaren bizi-itxaropena hogei urte luzatu dela kalkulatzen da.

Baina lorpen horiek galtzeko arriskuan egon daiteke gizakia. Turberkulosiarekin gertatzen ari dena izan daiteke adibide bat. Konturatu zirenean kutsakorra zela antzinatik milioika eta milioika gizaki hil izan dituen gaitz hori, gaixoak sendategietan baztertzen hasi ziren, baina, hala ere, egoerarik onenean gaixoen erdiak hil egiten zituen tuberkulosiak. XX. mendearen hasierara arte ez zen agertu BCG txertoa —eragin mugatukoa—, baina hura ere munduan ez zen zabalduko II. Mundu Gerra pasatu arte. Antibiotikoek itxi zituzten tuberkulosidunen sendategiak, estreptomizinak aurrena (1944), isoniazidak ondoren (1952) eta errifanpizinak gero (70eko hamarkadan).

Izan zen gizakiak tuberkulosia desagerraraztea lortuko zela pentsatu zuenik ere... 80ko hamarkadan antibiotikoekiko mikobakterio andui erresistenteak agertzen hasi ziren arte. OMEren arabera, munduan 2010. urtean erregistratutako12 milioi tuberkulosi kasuetatik 650.000 ziren hainbat sendagairekiko (isoniazida eta errifanpizinari tartean) erresistenteak. Kasu horietan, sendabidea izugarri zaila da, garestiak eta toxikoak diren botikekin bi urteko medikazioa behar izaten da, eta, hala ere, gaixo horien ia erdiek ez dute sendatzea lortzen.

Emilio Perez-Trallero doktorearen arabera, zenbait bakterio erresistentziarekin lortu da hobekuntzarik. "Duela hamar edo hogei urte gure herrialdean topatzen genituen bakterio arrunt zenbaiten erresistentzia mailak oso handiak ziren; adibidez, amigdalitisa sortzen duen Streptococcus pyoregenes bakterioarenak, edota pneumonia, otitisa eta beste hainbat infekzio eragiten dituen Streptococcus pneumoniae -arenak. Zorionez, une honetan egoera aldatu egin da, eta bakanak dira zirkulazioan dauden bi bakterio horien andui erresistenteak. Hobekuntza hori, zalantzarik gabe, familia medikuen jarduera onari esker etorri da, infekzio arinak artatzeko moduak moldatu zituztelako, baita osasun etxeetan afixen bidez gaixoentzat egindako kanpainei esker ere".

Bakterio arriskutsuak

"Baina txanponaren ifrentzua hor daukagu", dio Perez-Trallero doktoreak: "Jatorria gehienbat ospitaleetan duten bakterioak dira, lehen antibiotikoekiko sentiberak zirenak eta egun erresistente bihurtu direnak". OMEren arabera, Europako Batasunean Norvegian eta Islandian ospitaleetako erietatik %5-12 bitartean hartzen dute infekzio bat ospitaletik igarotzean. Horietako batzuk antibiotikoekiko erresistenteak izaten dira, eta batzuk arazo handia bihurtu dira, haien larritasunarengatik.

Hiru taldetan bana daitezke bakterio erresistentzia larrienak: talde batean, metizilinarekiko erresistenteak diren Staphylococcus aureus (MRSA) bakterioak daude, "penizilinekiko, zefalosporinekiko eta betalaktamikoen familiako beste antibiotiko batzuekiko erresistenteak". Beste talde batean daude ESBL direlakoak, espektro zabaleko betalaktamasa sortzeko gai diren enterobakterioak (E. coli, Klebsiella pneumoniae eta beste batzuk), "penizilinekiko eta zefalosporinekiko erresistenteak". Eta hirugarren taldean daude karbapenemen familiako (imipenem, meropenem) antibiotikoekiko erresistenteak diren enterobakterioak (CPE) eta beste bakterio batzuk. Eta batzuek sailkapen horiek gainditzen dituzte, Emilio Perez-Trallerok azaldu duen moduan: "Mota horretako erresistentziak dituzten bakterioek maiz beste antibiotiko taldeekiko erresistentzia determinanteak izaten dituzte, eta horrek artatzeko oso zail bihurtzen ditu". Eta, orain, gaitz horiek ospitaleetatik kanpo agertzen hasi dira.

Nola arta daitezke halako gaitzak? Karbapenemak, adibidez, besterik ezean erabili ahal izateko nolabait gordetzen saiatu dira medikuntzan. Zer egiten da, orduan, antibiotiko horrekiko erresistente bihurtu diren gaitzekin? Perez-Trallero doktorearen erantzuna ez da baikorra: "Badaude kasuak non erresistentzia kezkagarri hauek beste antibiotikoren batekin edo antibiotiko konbinazio batekin arta daitezkeen, baina sendagai horiek aurrekoak baino toxikoagoak dira maiz. Eta izan da kasurik non ez den alternatibarik izan, infekzioaren artapena organismoaren defentsen eta antibiotikoen garai aurreko aukeren esku utzi behar izan dena".

Antibiotiko berririk gabe

Izan ere, gaur egun, orain gutxira arte ez bezala, botika kutxan ez dago beti antibiotiko berririk, balioa galdu duen antibiotikoa ordezkatzeko. 25 urte daramatzagu antibiotiko mota berririk gabe. OMEko zuzendari Margaret Chanek azaldu duen moduan, "merkaturatu dira antibiotiko berriak azken urteotan, baina horrek dakarren garapen irudia faltsua da. Gure antibiotiko berrienak duela hamarkadak garatutako aurkikuntza zientifikoen emaitza dira. 1987tik ez da izan antibiotiko mota berrien aurkikuntza arrakastatsurik".

Faktore asko omen daude horren atzean. Bat izan daiteke orain arte garatu diren antibiotikoak "garatzeko errazenak" izan direla, CDCko Arjun Srinivasanen arabera: "Zenbaitek dio fruitu heldu guztiak bildu ditugula eta oso zaila izango dela antibiotiko berriak sortzea". Baina faktore erabakigarriena, nola ez, ekonomikoa da. Infekzioak ez dira horren arruntak beste gaitz batzuen aldean, batez ere gaixotasun kronikoekin (presio arterial altua, kolesterol altua, diabetesa...). Azken horiek dira, eta are gehiago populazioen zahartzearekin, botika konpainientzako merkaturik errentagarrienak.

Jada garestia aurreikusten da antibiotiko berrien garapenaren errentagarritasuna, eta oraindik ere murritzagoa bihurtzen da konpainientzat bakterioak sendagaiarekiko erresistentzia epe oso laburrean garatzeko gai badira —antibiotikoen erabilpen okerrari esker—. Eta antibiotiko berri arrakastatsurik aurkituko balitz, ziurrenez, beste aukerarik ezean soilik erabiltzeko gordeko litzateke. Beraz, antibiotiko berrien aurkikuntzan inbertitzeko pizgarriak oso gutxi dira botika konpainientzat.

Biozientzien beste garapenetatik etor al daitezke sendabide berriak? Ez da halakorik espero epe laburrean, eta, Margaret Chanek dioen moduan, "ez dago bermatuta antibiotikoen ordezko balizko alternatibak garatuko direnik existitzen diren antibiotikoek baliagarri izateari utzi baino lehen".

Europako Batasunean, berriz, urtero 400.000 bat lagunengan atzematen dira bakterio erresistentzien kasuak, eta horietatik 25.000 bat eri hil egiten dira (23.000 AEBetan). Erresistentzia anitzeko bakterioek EBn urtero 1.500 milioi euroren galera ekonomikoak eragiten dituela kalkulatzen dute.

Zer egin daiteke? Arazoa globala da. Horregatik, gero eta gehiago dira bakterio erresistentziari aurre egiteko estrategia globalen inguruko ekimenak eta deiak. Antibiotiko berrien garapena bultzatu eta kontrolatzeko neurriak ezartzea proposatzen dute hainbat osasun agintarik arazoari aurre egiteko. Baina, zalantzarik gabe, jada existitzen diren antibiotikoen erabilpena murriztea da egin beharreko garrantzitsuena, eta hor, batez ere nekazaritzan, abeltzaintzan eta akuikulturan munduan zehar egiten den antibiotikoen erabilpena dago auzitan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.