Sukaldaritzak, Donostiaren ikur nagusietako batek, presentzia du Donostia 2016 egitasmoan. Izan ere, Euskal Herriko eta Europako kultura gastronomikoen arteko uztartzea proposatzen du On appétit! proiektuak. Asteon jarri dituzte fusio horren lehen osagaiak, Poloniako bi sukaldarirekin. Gipuzkoako hiriburuan dabiltza Tomasz Hartman eta Michal Czekajlo. Jatetxe bana dute Wroclawen, Europako kultur hiriburutza Donostiarekin batera daukan hirian.
Bretxako azokan izan ziren atzo goizean, erosketak egiten; produktuokin afari ikastaro bat eskaini zuten gauean, Union Artesana elkartean. Merkatuko eskailerak jaitsi, eta berehala joan ziren bakailaoen saltokira. Interes handiz begiratu zuten. «Wroclawen ez dugu halakorik. Polonia hegoaldean gaude, eta ur gezetako arrainak dauzkagu soilik, baina bakailaorik ez», azaldu zuen Czekajlok. Haren esanetan, sustraietako barazkiak eta txerria dira hango gastronomiaren oinarria.
Arrandegietan zebiltzala, Elena Arzakekin egin zuten topo, ezustean. Elkar agurtu zuten, pozik, hura izan baita poloniarren anfitrioia. Egonaldian, sagardotegiarekin lotutako produktuak ezagutu dituzte bereziki: bakailaoa, txuleta eta sagardoa. Pasaiako arrantzale lonjetan, txuletekin lan egiten duten harategi batean, Sagardoaren Etxean, sagardotegian eta Arzak jatetxean izan dira.
Haiekin egon da egunotan Andoni Munduate, proiektuaren koordinatzailea. «Produktu jakin bat baino gehiago, jendea gustatu zaie poloniarrei: pertsona izugarriak ezagutu ditugu». Horrez gain, «sagardotegiaren giroarekin harrituta geratu ziren»; ez zuten hainbestekorik espero. Munduateren hitzak berretsi zituen Czekajlok. «Bikain pasatu dugu sagardotegian; txotx egitea mundiala da. Halere, onena, zalantzarik gabe, txuleta jatea izan da. Hori bai, gauean kosta egin zait lo hartzea; uste dut gehiegi izan zela bi txuleta jatea».
Arzakekin Bretxan egon ostean, kalera atera ziren, barazki bila. Gustura aritu ziren han, euritan, zer erosi erabakitzen. Ez zuten hotzik: «Euria? Tira, Polonian zero azpitik bost gradu izango ditugu orain. Hau ez da ezer». Euskaraz eta gaztelaniaz hitzik egiteko gai ez izan arren, haiek eta saltzaileek ondo ulertu zuten elkar, Leonardo Romanoren laguntzari esker batez ere. Basque Culinary Centerreko ikaslea eta Platyplus Labs enpresako kidea da Romano, eta ikasketa amaierako proiektua du On appétit!.
Patata gorriei begira zegoen Czekajlo, eta saltzailearekin hizketan hasi zen. «Patata al da hau? Ziur ez dela patata gozoa? Orduan, egosteko aproposa al da?». Sei kilo erosi zituen azkenerako. Ez hori bakarrik: erremolatxa, aza gorria, tipula, apioa, azenarioa, baratxuria... Zopa mamitsu bat egiteko adina osagai.
Italiaren txanda martxoan
Erositakoarekin, afari ikastaroa eman zuten Union Artesanan. Poloniako ohiko jakiak prestatu zituzten: borsch-a —erremolatxa zopa— onddo enpanadillekin, saltxitxa onduak ziape zuriarekin eta aza lehorrekin...
Gaur ere izango dute zereginik, aurreko egunetan ikasitako guztia hartu eta sorterriko gastronomiarekin nahastuko baitute, herritarrei eskaintzeko. Show cooking eta dastatzea egingo dute D2016k Easo kalean duen egoitzan. Borsch-ak bakailaoa ezagutu zuenekoa izango da; izan ere, besteak beste, erremolatxa zopa arrain horrekin egingo baitute —txerriarekin egin ohi da—.
Poloniatik Italiarako jauzia egingo du On appétit!-ek datorren hilean. Matera jatetxeko Enza Leone sukaldaria joango da Donostiara, eta Patxi Ezeiza edukiko du bidelagun.
Atzekoz aurrera
Erremolatxa eta bakailao fusioa
[youtube]https://youtu.be/qwGFv03Sbck[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu