Donostiako Ospitalean Errenteriako emakume bat, Errenteriakoa, hil da gaur goizean. Gorputzean ubelduak eta kolpeak zituen, eta genero indarkeria kasuetan ohi duen protokoloa martxan jarri zuen Ertzaintzak. Atzo arratsean ospitaleratu zuten andrea; 40 urte zituen. Poliziak bikotekidea atxilotu zuen, protokoloari jarraituz.
Hilotzari ez diote autopsia egin oraindik, baina, lehenengo zantzuen arabera, emakumea berez hil dela uste du auzitegiko medikuak. Auzitegietako iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, emakumeak gaixotasun bat zeukan, eta hori izan daiteke haren heriotzaren arrazoia; ubelduak ere gaitzaren ondorio izan zitezkeen.
Donostiako ospitalera eraman zuten atzo andrea Errenteriatik. Ubeldu ugari zituen aurpegian eta gorputzean, eta buruan kolpe bat ere bazuen. Hori dela eta, genero indarkeriarekin lotutako kasu bat ote zen ikertzen aritu da Ertzaintza. Autopsiaren behin betiko emaitza ordu batzuen buruan iritsiko dela jakinarazi du Ertzaintzak, baina lehen zantzuek adierazten dute berezkoa izan dela andrearen heriotza.
Heriotzaren berri zabaldu denean, lehen orduan, bilera berezia egin du Errenteriako Udalak, eta arratserako elkarretaratzea ere antolatu du. Autopsiaren lehen zantzuen berri izan duenean, baina, bertan behera utzi du protesta. Hainbat erakunde publikok eta alderdi politikok ere uste izan dute genero indarkeriarekin lotutako gertakari bat izan dela. Autopsiaren lehen zantzuek bestelakorik adierazi dute, ordea.
Atxilotutako gizona epailearen aurrera eraman dute poliziek gaur arratsaldean. Hark ertzainen esku utzi du berriro, autopsiaren behin betiko emaitzak ezagutu artean. Heriotza berezkoa izan dela frogatuz gero, aske utziko dute datozen orduetan.