Agintariek gaur goizean eman dituzte atzo Loperan (Jaen) autobus istripuan hil ziren bost lagunen izen eta datuak. Honakoak dira: Carlos Mora Perez, 58 urte, Alacantekoa (Herrialde Katalanak); Carmen Aviño, 61 urte, Valentziakoa (Herrialde Katalanak); Emilio Muñoz Cobello, 60 urte, Getafekoa (Madril, Espainia); eta Isabel Jimenez, 58 urte, eta Josefa Navarro, 43 urte, Parlakoak (Madril, Espainia). Beraz, hildakoen artean ez da euskal herritarrik. Aldiz, larri zaurituta dauden sei lagunetatik bi euskal herritarrak dira, Funesko (Nafarroa) senar-emazte bikote bat.
Guztira 47 lagun zauritu ziren, eta, esan bezala, seik larri jarraitzen dute. Gainerakoen artean, dagoeneko 18ri eman diete senda agiria eta Jaen hiriburuko hoteletan aterbetu dituzte beren etxeetara eramateko zain.
Istripuaren arrazoiak ikertzen ari dira, baina gidariaren emazteak ukatu egin du azken orduetan zabaldu den bezala senarra irratia aldatzenari zela eta horrek eragin duela istripua. Hala ere, giza akatsaren hipotesia darabilte trafiko arduradunek.
Autobusa Errenteriako (Gipuzkoa) Campano konpainiakoa zen, eta Zaragozako (Espainia) Primera Linea bidaia agentziak antolatutako bidaia egin behar zuen. Zehazki, Cadizko Herri Zurien ibilbide turistikoa egiteko asmoa zuten 52 bidaiariek.
Hala, atzo goizeko hiruetan abiatu zen autobusa Irundik bi bidaiarirekin, Jerez de la Frontera (Cadiz) aldera joateko. Donostian, Iruñean eta Zaragozan egi zituen geldialdiak bidaiari gehiago hartzeko. Madrilen beste geldialdi bat egin zuen goizeko hamaiketan, gidariz aldatzeko. Autobuses Campano konpainiak esan zuenez, Donostia eta Madril arteko bidea bi gidarik egin zuten, eta Madrilen beste gidari bat igo zen. Halaber, Madril arteko bidea egin zuten bidaiari batzuk han jaitsi zirela azaldu du autobus konpainiak, beste bidai bat egin behar zutelako. Batzuk, esaterako, Portugalera joan behar zuten. Madrilen Jerez de la Fronterara joateko Espainia guztitik joandako beste bidari batzuk igo ziren Campano konpainiako autobusera. Madrilen igo zen gidariak egin behar zuen Jerez de la Frontera arteko bidea. 20:30ean zen iristekoa helmugara.
Campano konpainiako arduradunek nabarmendu zuten, autobusa egoera onean zegoela, berria zelako. «Orain dela urtebete erosi genuen, eta paper guztiak ondo zituen». Bidaiariak garraiatzen orain dela 25 urte hasi zirela, eta inoiz ez dutela istripurik izan azpimarratu nahi izan zuten.
Ezbeharra
Errenteriako autobusaren istripuan hildakoak Espainiakoak eta Herrialde Katalanetakoak dira
Errepidetik atera eta irauli egin zen atzo arratsaldean, Jaenen (Andaluzia, Espainia). Bost bidaiari hil ziren eta 47 zauritu; seik oraindik larri segitzen dute, eta bi nafarrak dira. Gaur goizean jakinarazi dute nortzuk diren hildakoak. Irundik abiatu zen atzo goizaldean Errenteriako Campano konpainiako autobusa, eta txangoa egin behar zuen Andaluzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu