Etorkizunaren Alde plataformak elkarretaratze bat egin du Errenterian, martxoaren 11ko istiluen harira Iruñean atxilotutako hiru gazteen herrian. Auzitegi Gorenaren erabakia dela-eta, plataformak nabarmendu du hiru gazteak "inoiz" ez direla izan erakunde terrorista bateko kide, "ez dira bat etorri horrelako helburuekin eta ez dute erabili terroristatzat hartu daitekeen bitartekorik".
Txalo artean bukatu dute protesta. Herritarren babesa senide eta lagunei #EtorkizunarenAlde#oreretako4akaskatu@berriapic.twitter.com/WJNfF1yCbw
— Hodei Iruretagoiena (@hirual) 2017(e)ko ekainak 23
Plataformaren iritziz, liskarrak ez ziratekeen terrorismotzat joko "Espainiako Estatuko beste edozein tokitan gertatu balira", eta Auzitegi Gorenaren erabakiak ez du aintzat hartzen segurtasun juridikoaren printzipioa. Hori horrela, uste du "erabaki bidegabea eta arbitrarioa" dela auzitegiarena, eta hiru gazteak berehala askatzeko eskatu du.
Elkarteak manifestazio bat antolatu du uztailaren 2rako, Etorkizunaren alde. Atxilotutako gazteak askatu lelopean. Errenterian izango da, 12:30ean abiatuko da Herriko Plazatik, eta martxa isila izatea nahi dute. Alderdi politikoei, erakundeei, kultur elkarteei, bestelako kolektiboei eta herritarrei dei egin diete mobilizazioan parte har dezaten.
Iruñeko instrukzioko laugarren auzitegiak "desordena publikoak eta terrorismoa" egotzi zien atxilotutako lau gazteei, Zigor Kodeko 573 bis artikulua oinarri hartuta. Apirilaren 12an, ordea, Nafarroako Lurralde Auzitegiak ebatzi zuen Iruñeko istiluek ez dituztela betetzen hor aipatzen diren baldintzak. Besteak beste, azaldu zuten ez dagoela "inongo erreferentziarik gertaerak erakunde edo talde kriminal baten eraginpean izan zirela esateko". Hala, Zigor Kodeko 557 eta 557 bis artikuluetan kokatu zuten auzia —desordena publikoa arautzen da hor—, gertaerak "larriak" direla esan arren —sei urte arteko zigorrak aurreikusten ditu legeak—.