Errenteriako Udalak baliabide gehiago eskatu dizkio Osakidetzari herrian COVID-19 kasuak atzemateko egiten ari den baheketarako. Atzotik ari dira probak egiten, Osakidetzak astelehenean esan baitzuen testak egin behar dituztela martxoaren 14an hasi eta apirilaren 5a bitartean Diputazio plazako eta Zumardiko tabernetan ibili ziren herritarrek. Bi gune horietan ostatu asko daude, mugimendu askokoak, eta egunotan jende askok eman du izena probetarako: 6.000 pertsona inguruk. Udalaren arabera, ilara «luzeak» sortzen ari dira testak egiteko, eta antolaketa hobea behar da.
Udalak gogora ekarri du 40.000 biztanle inguruko herria dela Errenteria, eta baheketa egiteko martxan jarri den antolaketa ez dela aski. Ilarez gain, arazo gehiago ere badirela esan du udalak: testak egiteko ordua eskatzeko martxan dauden telefonoetan erantzunik ez dute lortzen herritar askok. «Hala ere, herritarrei eskatzen diegu saiatzen jarraitzeko; garrantzitsua da». Eskaera euskaraz egin nahi duten erabiltzaileek ere arazo erantsiak dituztela adierazi du.
Ez da egunotan Errenterian izurriaren harira hartu behar izan den aparteko neurri bakarra; hilaren 3an osasun agintariek testak egitera deitu zituzten martxoaren 27an herriko Egi-Luze sagardotegian egon ziren bezeroak.