Andoainen oroitu dute Joseba Pagazaurtundua Andoaingo Udaltzaingoko buru zena, ETAk hil eta hamabi urtera. Haren senideek postontzi bat jarri dute, hala nahi dutenek Pagazaurtunduaren hilketan izandako erantzukizun maila beren gain har dezaten. Familiakoek nabarmendu dute ez dutela dolua amaituko "egiarik eta erreparaziorik gabe".
Udalari baimenik eskatu gabe jarri dute postontzia, baina Maite Pagazaurtundua Joseba zenaren arreba eta UPDko europarlamentariak Ana Karrere alkateari eskatu dio ez dezala kentzeko agindu. Ekitaldian izan dira, halaber, PPko Juan Carlos Cano eta Ramon Gomez, Estibaliz Garmendia Pagazaurtunduaren alarguna, Rosa Diez UPDko burua eta Consuelo Ordoñez Coviteko presidentea.
Omenaldia Arregiri
Zizurkilen, berriz, Joxe Arregi omendu dute, ostiralean beteko baitira 34 urte Espainiako Poliziak torturatu ostean hil zenetik. Torturaren egia, itzaletik argira ekitaldian, Arregiri gertatutakoaren egia jakitea galdegin dute, gogorarazita Arregi ez dagoela "biktima bezala erakundeen zerrendetan".