Urteetan izan den hildako kopuru txikiena eragin zuten errepide istripuek iaz, behin-behineko datuen arabera. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 60 lagun hil zirela istripuz; Nafarroako Gobernuak, 28 pertsona hil zirela herrialde horretan; eta Ipar Euskal Herrian gutxienez hamar lagun hil ziren errepideko ezbeharretan. Guztira, 2011n 98 lagun hil ziren, beraz, Euskal Herriko errepideetan. 2010eko behin-behineko datuen arabera, 113 lagun hil ziren errepide istripuetan. Hortaz, iaz hamabost lagun gutxiago hil ziren istripuz; eta, aurreneko aldiz, hildakoen kopurua ehundik behera jaitsi da —2009an 109 pertsona hil ziren; 2008an, 113; eta hortik gora, aurreko urteetan—.
Hilabeteak pasatu eta datuak egonkortu ahala, beti igo egiten da hildakoen kopurua —adibide gisa: iaz Hego Euskal Herrian 105 lagun hil zirela zioen behin-behineko urtarrileko estatistikak; urte bukaeran, ordea, 114 hildakora igo zen zifra hori, Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren arabera—. Aste honetan ezagutarazitako datuek gora egingo dute, beraz. Hala ere, azken urteetako beheranzko joerari eutsi dio errepidean hildakoen kopuruak; hamarkada batean, heren batera murriztu dira hildakoak; istripu eta zaurituen kopuruak ere erdira jaitsi dira.
Datu horiengatik gidariei zorionak eta eskerrak eman dizkie Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Amparo Lopezek. «Positiboa da beheranzko joerari eustea. Bide segurtasunean aurreratuen dauden herrialdeetatik oso gertu dago Euskadi». Ezbeharrek, hala ere, kontrolatzeko gaitzak diren aldagaiak dituztela oroitarazi du: «Horregatik, ezin dugu gehiegizko konfiantza eduki. Bizitzak salbatzea zeregin garrantzitsua da, eta ezin da arreta gutxitu horretan».
Nafarroako Gobernuko ordezkariek ez dute datuen balorazio ofizialik egin. Ohar bidez nabarmendu dute, hala ere, 2010etik 2011ra %28 urritu direla istripuetan hildakoak —2010ean 39 lagun hil ziren errepide istripuetan—.
Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako datuei dagokienez, ez dago bilduma ofizialik. Pirinio Atlantikoetako Departamenduak azaldu du 34 lagun hil direla errepide istripuetan. BERRIAk egiaztatu ahal izan duenez, horietatik hamar, bederen, Ipar Euskal Herrian zendu ziren. Urteko istripu larrienetako bat Lapurdin gertatu zen, hain justu. Baionako Mousserolles eta Maignon irteeren artean, A-63 autobidean, errepide bazterrean geldirik zegoen kamioi bat jo zuen auto batek. Kamioiaren azpialdean sartu zen autoa, eta su hartu zuen berehala. Bertan zihoazen lau pertsonak hil egin ziren, osorik kiskalita.
Hildakoen artean profesionalak ere badira. Hiru sindikatuak azaldu du iaz hamabost kamioi gidari hil zirela errepideetan, istripuak izanda.
Laurden bat, autorik gabeak
Behin-behineko datuetan herri barruetan gertatutako istripuen datuak osatu gabe egon ohi izaten dira; oinezkoek eta bizikletazaleek izandako istripuen datuak osatzen joaten dira udaltzainek haien berri eman ahala. Hala ere, estatistika itxi gabe egon arren, nabarmentzekoa da istripuetan hildakoen laurden bat inguru izan zirela iaz. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamabost oinezko hil zirela—2010ean hamalau izan zirela azaldu du Herrizaingo Sailak—; Nafarroan, hildako guztien artetik sei, gutxienez, oinezkoak eta bizikletazaleak izan ziren. 98tik 21 baino gehiago izan dira, beraz, herri barruko istripuetan hil diren oinezko eta bizikletazaleak.
Hain justu, herri barruko istripuetan hildako gehienak harrapaketengatik hil zirela nabarmendu du Herrizaingo Sailak: lautik hiru hil ziren harrapaketengatik. Herrietatik kanpoko istripuetan, berriz, errepidetik irtetea izan da istripuen kausa nabarmenena; ezbehar guztien heren batean baino gehiagoan gertatu da hala.
Errepideetako istripuen arrazoi nagusiak zeintzuk diren ere zehaztu du Herrizaingo Sailak: zirkulazio arauak ez errespetatzea eta behar ez den bezalako abiaduran gidatzea. Istripuetan hildako bost pertsonatik bati, autopsia eginda, gorputzean alkohol edo droga arrastoak atzeman dizkiotela ere jakinarazi du.
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak gidarien artean kontzientzia handitzeko egitasmoak bultzatzen jarraituko duela iragarri du. Bide heziketa eta komunikazioa landu nahi ditu 2012an. Kanpaina zehatzak ere egingo ditu aste jakin batzuetan, kanpaina horietako bakoitzean arazo zehatzak kontrolatzeko: gehiegizko abiadura, alkohola eta segurtasun gailuen erabilera, besteak beste.
Errepide istripuek urteetan eragindako hildako kopuru txikiena utzi du 2011k
Guztira 98 pertsona hil ziren iaz ezbeharrak izanda; ehun hildakotik behera jaitsi zen 2011n aurreneko aldiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu