Elur ekaitza

Errepide nagusiak zabalik daude

A-15 autobidea zabaldu dute Berastegi eta Andoain artean, eta errepide nagusi guztiak zabalik daude. Bilbon eguerdi aldera izan dira arazo handienak, baina konpontzen ari dira. Mendate batzuetan soilik daude arazoak.

2010eko otsailaren 11
18:22
Entzun
Elurretan jarraitzen du bazkalondoan ere Euskal Herri osoan, eta zuritzen jarraitzen dute bazterrek. Egiten duen guztia elurretan egiten du, baina aparteko arazorik ez dago errepide nagusietan. Bazkalondoan A-15 autobidea itxi dute, Andoain eta Berastegi artean, Gipuzkoan, baina zabaldu dute dagoeneko. Hortaz, arratsaldean zabalik dago Euskal Herriko errepide sare nagusia.

Gipuzkoan, arazoak izan dira N-1 eta A-15 autobideetan. GI-627an, Bergaran, istripua izan du kamioi batek, eta zauritu egin da gidaria. Mendateetan daude orain oztopo handienak. Automobilek kateak behar dituzte eta kamioientzat itxita daude honako gainak: Mandubia, Bidania, Urraki, Otzaurte, Lizarrusti eta Urto.

Bilbo aldeko arazoak ere konpontzen ari dira. Elurra gogotik egin du goizean, eta horrek arazoak sortu ditu hiria inguratzen duten bideetan: A-8 autobidean, Txorierriko korridorean, Artatzako errepidean, Santo Domingoko bidean eta Enekurin. Eguerdi aldera itxita egon dira, baina zabalik daude orain, nahiz eta arreta bereziz gidatu behar den. Ez da ohikoa Bilbon elurra egitea, eta auzo garaienetara joan dira hiritar asko, elurra bertatik bertara ikustera. Iñaki Azkuna alkateak horrelakorik ez egiteko eskatu du, arazoak sortzen ari direlako.

Bizkaiko mendateetan ere izan dira eragozpenak elurraren eraginez. Arratsaldean, Bikotzgeinen soilik behar dira kateak. Gainerakoetan ez dago horrelako araurik, baina arretaz gidatu behar da. Hainbat kamioi gurutzatuta geratu dira goizean Bizkaiko bideetan; N-634an Galdakaon istripua izan duena enbarazuan dago oraindik ere.

Goizean, Araban izan dira arazorik handienak. Lehen mailako sarea zabalik dago, baina elurra egiten du N-1 eta AP-68 autobideetan. Arazoak daude baita ere N-622 errepidean, Forondan, eta N-240an, Urbina parean. Mendateei dagokienez, itxita daude Urduña, Opakua, Herrera eta Altube. Kateak, berriz, honakoetan dira ezinebesteko: Barrerillan, Garaten, Zaldiaranen, Gasteizko portuan eta Bernedon.

Elurrak ez, izotzak eragin ditu arazorik handienak Nafarroan. A-15 autobidean ere elurra egin du, eta tarteka itxi egiten dute bidea garbitu eta gurutzatutako autoak zuzentzeko. Halaber, kateak behar dira mendate askotan, hala nola San Migel, Artesiaga eta Urkiaga. Izabatik Iparralderako bidea ere moztuta dago hainbat gunetan. Kateak behar dira Urbasan eta Lazan. Bazkalondoan pilaketa handiak izan dira Iruñean, sarbideetan izandako istripuen eraginez hiri barrutik bideratu behar izan dutelako trafikoa.

Iparraldean, Baiona eta Paue arteko A-64 errepidean daude arazo handienak, Bardoze parean. Gainerako errepideetan ere trabak daude. Lekuinen, esaterako, itxita dago bidea, kamioi bat irauli baita.

Ikastetxeetan arazoak izan dituzte elurraren eraginez. Hazparnen (Lapurdi), eskola umeak zeramatzaten 30 autobus inguru aurrera jarraitu ezinik geratu dira, eta ikasleak ez dira eskolara iritsi. Araban bi ikastetxe behintzat itxi dituzte, eta Bizkaian, lau.

Iragarpenek diote eguraldiak bide beretik jarraituko duela hurrengo orduetan ere. Tenperaturak oso baxuak izango dira, eta egiten duena elurretan egingo du. Gauean izotza egingo du edonon.

Informazio zehatza honako guneetan:

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa:trafikoa.net.

Nafarroa: navarra.es.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa: gouv.fr.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.