Baztan, Malerreka, Bertizarana eta Bortzirietako alkateek agerraldia egin dute haien kezka azaltzeko. Luizi baten ondorioz, itxita dira N-121 errepideko Belateko tunelak, eta mendateko bide zaharra erabili behar dute ibilgailuek. Eskualde horretako herritar anitzek egunero egiten dute joan-etorria Iruñera, bertzeak bertze lanera joateko. Mendateko errepide horrek ez dituela behar bezalako segurtasun baldintzak betetzen salatu dute alkateek, eta neurriak eskatu dituzte. Mezu hori bera Nafarroako Gobernuari helarazi diote alkateok. Astelehenean bilera egin zuten Sustapen kontseilari Luis Zarralukirekin. "Kamioiak arriskutsuak dira errepide zaharrean, bihurguneetan bide osoa hartzen baitute. Tunelak zabaldu bitartean kamioiei bidea galaraztea eskatu genion Zarralukiri", azaldu du Berako alkate Marisol Tabernak. Kontseilariaren erantzuna, ordea, ezezkoa izan zen. "Ezin dietela bidea debekatu erran zigun", erantsi du Tabernak.
Mendateko bidea konpontzeko ere eskatu diote alkateek Zarralukiri. Izan ere, zuloz beteta dago errepide hori, eta toki anitzetan marrak ere desagertu egin dire bidetik. "Obrak egiteko kontratua prest dutela erran digu kontseilariak, baina eguraldi txarraren ondorioz ezin izan dituztela hasi oraindik", erran du Berako alkateak. Gobernuak aurreikusten du hiru hilabeteko epea beharko dutela tunelak berriz irekitzeko. Une honetan Irunera bidean tuneletik joan daitezke ibilgailuak. Iruñerako norabidean, ordea, mendatetik egin behar dute bidea.