Ezbeharra 13:20an gertatu zen, Bergara eta Arrasate artean, GI-2636 errepidean, Oñatirako bidegurutzean. Pesa konpainiako autobus batek eta Ford Fiesta zuri batek aurrez aurre jo zuten, eta autoan zihoazen lau gazteak hil egin ziren. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi zuenez, autoa Oñatirantz zihoan eta, autobusa, berriz, Arrasate aldera. Bi ibilgailuen arteko kolpea oso handia izan zen eta, ondorioz, autoan zihoazen lau gazteak unean bertan hil ziren. Auto barruan geratu ziren harrapatuta eta suhiltzaileek atera behar izan zituzten gorpuak. Autobusean zihoazen bidaiarietatik hiruk ere zauriak izan zituzten eta Arrasateko erietxera eraman behar izan zituzten. Erietxeak esan zuenez, bi emakume gaztek ornoetako kontraktura izan zuten eta autobuseko gidariak xok egoera. Arratsaldeko lehen orduan eman zieten senda-agiria. Istripuaren ondorioz, itxi egin behar izan zuten errepidea eta zazpi kilometroko auto ilarak sortu ziren. Ertzaintzak trafikoa GI-632 errepidetik eta GI-627tik bideratu behar izan zuen. Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak ikertzeko.
Unibertsitatean hunkituta
Lau gazteak Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoko ikasleak ziren. Bi emakumeak, Ane Miren Telleria eta Amaia Uriarte, informatikako 4. mailan zebiltzan ; Aitor Oñate elektronikako 2. eta 3. mailan zebilen eta Mikel Urtzelai mekanikan. Laurak goizeko klaseak amaituta, etxerako bidean zihoazen, Oñatira.
Samina eta dolua izan ziren atzo nagusi Mondragon Unibertsitatean. Ezbeharraren berri izan bezain pronto, klaseak bertan behera utzi zituzten fakultate guztietan. Gaurko iragarrita zeuden ekimen eta mobilizazio guztiak ere bertan behera utzi dituzte. Iñigo Alberdi errenteriarrak Arrasaten ikasten du, eta atzo azaldu zuenez, laurak oso ezagunak ziren eskolan. Jendeak negarrez eta burumakur pasatu zuen arratsaldea, hitz egiteko batere gogorik gabe. Isiltasuna zen nagusi fakultateetako korridoreetan. Alberdiren hitzetan, atzoko ezbeharrak orain dela gutxi, 2003ko azaroan, gertatutako istripu larria gogorarazi zien. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Elorrioko hiru ikasle hil ziren, klasetik etxera bidean zihoazela. Oñatiko istripua, ez zen atzoko bakarra izan. Leioan (Bizkaia), Bilborako noranzkoan, sei autok elkar jo eta bizpahiru lagunek zauriak izan zituzten. Arazoak izan ziren errepidean.
-
ERREAKZIOAK
Hiru eguneko dolua Oñatin eta bikoa MUn
Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoko lau ikasleen heriotzengatik Unibertsitateak bi dolu egun ezarri ditu Eskola Politekniko Nagusian. Astelehena arte ez dute eskolarik izango. Gainerako fakultateetan egun bateko dolua egingo da eta haietan ere ez da eskolarik izango. Datorren astean lau gazteak oroitzeko ekitaldi bat egingo dute. Halaber, Oñatiko Udalak ere lau gazteak hangoak ziren hiru dolu egun ezarri ditu. Atzo arratsaldean ez ohiko osoko bilkura egin zuten eta alderdi politikoek hildakoen senideei doluminak eman zizkieten. Herritar guztiei haien aldeko elizkizunetan eta antolatuko diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin zieten. Hildako batek Ulma enpresan praktikak egiten zituen, eta han ere dolua egingo dute.
-
Azken urteotako istripu larrienak
2002
Ekainaren 15a: Hiru lagun hil ziren Iruñean, Soraurenen, N-121-A errepidean. Autobus batek eta auto batek elkar jo zuten.Uztailaren 14a: Sei lagun hil eta hiru zauritu ziren A-68 autobidean, Zuian (Araba). Burgosera (Espainia) zihoan auto bat beste erraian sartu eta bi auto jo zituen; norabide berean zihoan auto bat bazterrera joan zen istripua saihesteko.
2003
Abuztuaren 7a: Hiru lagun hil eta hiru zauritu ziren Gueñesen (Bizkaia) BI-636 errepidean. Bi autok elkar jo zuten. Abuztuaren 26a: Hiru lagun hil eta bi larri zauritu ziren Deikaztelun (Nafarroa), NA-6340 errepidean. Autoak eta kamioiak aurrez aurre jo zuten.Azaroaren 21a: Hiru lagun hil eta bi larri zauritu ziren Elorrion (Bizkaia) N-636 errepidean gertatutako istripuan. Bi autok aurrez aurre jo zuten. Hildakoak Mondragon Unibertsitateko Huheziko ikasleak ziren.Abenduaren 6a: Bost lagun hil eta bederatzi zauritu ziren A-68 autobidean, Zuia (Araba) parean. Sei autok elkar jo zuten eta hiruk su hartu zuten. Hildakoetako lau Terueldik (Aragoi, Espainia) Bilbora oporrak pasatzera zihoazen gazteak ziren; bosgarrena, berriz, errepidera laguntzera atera zen gizon bat.Egun berean hiru lagun hil eta zazpi zauritu ziren Armiñonen (Araba), N-1 errepidean. Bi autok elkar jo zuten. Abenduaren 21a: Hiru lagun hil ziren Orozkon (Bizkaia), beren autoa errepidetik atera eta errekara erorita.
2004
Maiatzaren 1a: Hiru lagun hil eta bi larri zauritu ziren Bera (Nafarroa) eta Sara (Lapurdi) lotzen dituen NA-4410 errepidean: beren ibilgailua errepidetik atera eta 200 metroko amildegi batetik erori zen.
Maiatzaren 16a: Lau lagun hil ziren Laudion (Araba), bi autok aurrez aurre jo ostean A-625 errepidean. Ekainaren 7a: Hiru emakume eta bi gizon hil ziren Iguzkitzan (Nafarroa) gertatutako istripuan: furgoneta batek eta auto batek elkar jo zuten N-111 errepidean. Uztailaren 21a: Lau gizon hil eta beste bi larri zauritu ziren Lemoan (Bizkaia) 14:57an N-240 errepidean gertatutako istripuan. Bi autok eta kamioi batek elkar jo zuten. Autoetako bateko lau bidaiariak hil ziren.
2005
Apirilaren 15a: Hiru emakume hil ziren N-124 errepidean Assan (Araba) gertatutako istripuan. Furgoneta batek eta auto batek aurrez aurre jo zuten. Hildakoetatik bi Lantziegoko (Araba) ikastolako irakasleak ziren eta hirugarrena, berriz, bertako irakaslea izandakoa. Beste bi irakasle larri zauritu ziren.