Errepideak, animalien hiltegi

 Araba bereziki leku arriskutsua da animaliekin izaten diren auto istripuei dagokienez

GASTEIZ
2006ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan animaliekin izaten diren auto istripuen %90 Araban gertatzen dira. Urtero, 400 animalia basati baino gehiago hiltzen dira Arabako errepideetan, talde ekologistek eta ehiztariek jasotako datuen arabera. Istripu horiek, gainera, miloi askotako gastua eragiten diete aseguru etxeei; baita ehiza barrutiak kudeatzen dituztenei ere.

Nafarroan, iaz basurdeek eragindako 275 auto istripu izan zirela jakinarazi du Foruzaingoak. Araban ez ziren askoz gutxiago izan. Basurdea, orkatza eta azeria dira, txakurrez gain, istripu gehien eragiten dituzten animaliak. Azken horien gaineko kontrol zorrotza aldarrikatu dute azken urteotan Arabako talde ekologistek, eta jabeek duten ardura gogorarazi.EAEko Herrizaingo Sailaren azken datuen arabera, 2004ean 410 istripu eragin zituzten animaliek erkidegoko errepideetan. Horietako 257 Araban gertatu ziren, 101 Bizkaian eta 52 Gipuzkoan. Estatistika horretan kontuan hartu dira bakarrik Ertzaintzak egiaztaturiko istripuak. Baina EAEko Herrizaingo Sailaren zenbakiek argi erakusten dute Arabako errepideak arriskutsuenak direla animalientzat zein auto gidarientzat. Arabako Naturaren Defentsarako Taldeko (GADEM) kide Andres Illanaren ustez, Arabako errepideak ez dira ingurukoak baino eskasagoak. «Gertatzen dena da gure herrialdean biltzen dela EAEko fauna aberastasun handiena. Adibide bat jartzearren, Araban, urtero 2.000 basurde inguru ehizatzen dira, eta eskualde batzuetan kilometro koadro bakoitzeko 8 orkatz dago. Hortaz, istripuak sarriago gertatzen dira».GADEM urte luzez aritu da animaliek eragindako auto istripuen inguruko ikerketak lantzen, eta istripu horiek ekiditeko neurriak planteatu ditu. 2003. urteaz geroztik, Arabako Foru Aldundiarekin sinaturiko hitzarmenei esker, animaliek eragindako istripuen inguruko ikerketa egin du.

Talde ekologistak herrialdeko puntu beltzak zehaztu ditu ikerketa horien ondorioz. Illanak azaldu duenez, «egunero 10.000 auto baino gehiago dituzten errepideak oztopo iraganezinak dira animalientzat. Hortik pasatzen diren animalia asko eta asko hiltzen dira. Hortaz, errepide horiek hesitu behar dira, eta animalientzako pasabideak egin».Araban, N-240, N-622 eta N-1 errepideak animalien hiltegiak bilakatu dira. Bigarren mailako errepide sarean ere sarri gertatzen dira istripuak, batez ere, hainbat herritan eraikitzen ari diren urbanizazioak eta txaletak sortzen dituzten joan-etorriak direla eta. «Trebiñuko kasua oso adierazgarria da. Orain arte oso zirkulazio gutxi zuten bideetan sekulako zirkulazioa dago, eta horrek ondorio zuzenak ditu».

Beste alde batetik, motibazio ugarik bultzatuta, ikerketa lan zabala egin du Arabako Ehiza Barrutien Elkarteak. Elkarteko biologo Florencio Markinak azaldu duenez, iragan urteko abuztura bitartean, 1970eko Espainiako Ehizaren Legearen arabera, animalia basatiekin gertaturiko auto istripuen ardura nagusia ehiza barrutiena zen. Tokian tokiko ehiza barrutietara zuzentzen ziren aseguru etxeak basurdeek edo orkatzek eragindako auto istripuen kalteak erreklamatzeko. Eta milioi askotako aseguruak hitzartu behar izaten zituzten ehiza barrutiek, erreklamazioei aurre egiteko.

Auto gidaria da istripuaren erantzule

Iragan abuztutik, baina, egoera aldatu da. «Ehiza barrutiko kideek uxaldiak egiten dituzten edo ehizan ibiltzen diren bitartean auto istripua gertatzen bada, ehiza barrutiak kalteak ordaindu behar ditu. Bestela, gidaria da istripuaren arduraduna», nabarmendu du Markinak.

Arabako Ehiza Barrutien Elkarteko arduradunaren esanetan, «administrazioek bide seinale egokiak eta animalientzako pasabideak egin behar dituzte, baina gidariek kontuz gidatu eta seinaleei kasu egin behar diete».

Halere, GADEMeko Illanak uste du uxaldien arriskua ezin dela gutxietsi. «Igandeetan egiten diren uxaldiek oso eragin zuzena dute auto istripuetan. Uxaldietan animaliak mugiarazten dituzte, eta gero animalia horiek euren eremuetara itzuli behar dute, errepideak zeharkatu behar dituzte».

SEGURTASUN NEURRIAK







 

«Errepideak egokitu egin behar dira»









Ehiztariak eta ekologistak bat datoz: animaliekin gertatzen diren istripuak ekiditeko bide seinaleak baino zerbait gehiago behar da. GADEM taldeak eta Arabako Ehiza Barrutien Elkarteak eginiko ikerketen arabera, 2003. urtera bitartean animaliekin gertatutako istripu kopuruak gora egin du etengabe.

Errepide nagusiak hesitu eta animalientzako pasabideak moldatzea eskatu diote behin eta berriz ehiza barrutietako kideek Arabako Foru Aldundiari. GADEMek, bestetik, zenbait txosten landu ditu egoera zuzentzeko asmoz.Iaz, Ehiza Barrutien Elkarteak eta GADEM talde ekologistak eginiko proposamenari jarraituz, N-622 errepidea hesitu eta Aiurdinen animalientzako pasabidea egin zuen Foru Aldundiak. Florencio Markina biologoaren irudiko, «urtero, hamabi edo hamalau istripu ekidingo dira». Ekologistek zein ehiztariek argi daukate egungo errepideak ez direla egokiak «dagoen zirkulazioa eta inguruko animalia kopurua aintzat hartuta». Ondorioz, administrazioari «urrats ausartagoak» eskatu dizkiote. «Bioaniztasunaz asko hitz egiten ari da Foru Aldundiko Ingurumen Saila, baina ez ditu behar diren neurriak hartzen», esan du GADEM taldeko kide Andres Illanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.