Araban bi kilometroko auto ilarak izan ziren A-68 autobidean Zuian, Zaragozara (Espainia) bidean. Kamioi batek, garabi batek eta auto batek elkar jo zuten eta errepidea moztu egin behar izan zuten.Bizkaian Galdakaon sortu ziren ibilgailuen ilara luzeenak, A-8 eta A-68 autobideen Basauriko eta Arrigorriagako lotuneek gainezka egin baitzuten. Autoen ilarak Zornotzaraino iritsi ziren 13:00ak aldera. Zornotzan itxi egin zuten A-8 autobidearen sarrera. 17:00ak inguruan, ordea, egoerak hobera egin zuen, Ertzaintzak adierazi zuenez. Poliziaren esanetan, Europa erdialdetik Euskal Herrira etorritako ibilgailu andana izan zen ilaren eragile nagusienetakoa. Arratsaldean bi kilometroko auto ilarak sortu ziren A-8aren Durangoko ordainlekuan.Gipuzkoan hamaika kilometroko auto ilarak sortu ziren atzo goizean A-8 autobidean, Donostiako Intxaurrondo auzotik Irunera arte. A-8 autobidearen Gipuzkoako zatia kudeatzen duen Bidegi enpresak itxi egin behar izan zuen A-8aren Oiartzungo sarrera, errepideak gainezka egin zuelako. A-8an bertan Gipuzkoatik Bizkaira bidean ere auto ugari izan ziren, Lapurdiko auto ilaren ondorioz batez ere.Elgoibarren ere bi kilometroko auto ilarak sortu ziren A-8an, obren ondorioz.Lapurdin hamar kilometro eta erdiko ilarak sortu ziren Biriatun, Gipuzkoara bidean. Miarritzeko eta Donibane Lohizuneko ordainlekuetan ere autoak pilatu ziren.
Lapurdin Aurreikuspen «beltza» gaurko
«Uztaileko azken asteburua beltza izango da, baina asteburu famatu hau goizago hasten da beti», esan zion atzo Berriari Marc Obadiak, A-63 autobidea kudeatzen duen ASF enpresako Informazio arduradunak. Obadiak zehaztu zuenez, Biriatuko ordainlekutik 2.650 ibilgailu pasatu ziren orduoro. Gaurko ibilgailu gehiago aurreikusi dituzte: 70.000 egun osoan Miarritze eta Baiona artean, gehienak Gipuzkoara bidean. Kamioiek ibiltzea debekatua dute 21:00ak arte. ASF enpresak 250 langile izango ditu gaur autobidearen Lapurdiko zatian eta 120 jendarme ere banatuko ditzute 25 lekutan.
Obadiak zenbait gomendio egin zituen: errepide nagusiak saihestea, Radio Trafic piztuta izatea (107.7 FM) eta bizkorregi ez ibiltzea. «Auto istripu bakar bat gertatzen baldin bada, egoera asko larrituko da».Nafarroan A-15 autobidea moztu egin zuten, istripu bat gertatu zelako Gipuzkoara bidean. Atzo 12:25ean bi lagun zauritu ziren Arrasaten (Gipuzkoa) bi autok elkar jo ostean.
KONTROLA
EAEko trafikoa kudeatzeko zentroa Bilbon
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Trafikoa Kudeatzeko Zentroa zabaldu zuen atzo Bilbon, Otxarkoaga auzoan. Eremu horretan, Ertzaintzak herrien arteko zirkulazioa eta trafikoa kudeatuko ditu denbora errealean monitorizatuz. Bertan errepideetako datuak bildu, sailkatu eta aztertu egingo dituzte: ibilgailu kopurua, batez besteko abiadura, errepideen egoera eta trafikoaren parametroak.