BIDESARIAK

Errepideak mantentzeko lanak "bere aurrekontuekin" konpontzeko eskatu dio Zarralukik Gipuzkoari

Nafarroako Gobernua "dirusarien aurka" dagoela adierazi du Sustapen kontseilariak, eta ohartarazi du Nafarroa "hartu nahi ez" dituzten erabakiak hartzera "behartua" egongo dela Gipuzkoak bidesarien proiektuan aurrera egiten badu.

2013ko abuztuaren 6a
18:23
Entzun

Nafarroak ez du nahi Gipuzkoak bidesaririk jartzea N-1, A-15 eta N-121 errepideetan. Hala adierazi du Luis Zarraluki Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilariak. Zarralukik azaldu du "beste kontu bat" litzatekeela bidesari berriak ezartzea "obra berri bati erantzuteko" modua balitz, baina "bere errepideak mantentzeko lanetarako [Gipuzkoak] izan ditzakeen aurrekontu arazoak bere aurrekontuekin" konpontzeko eskatu du.

Irailean bilera bat egingo dutela baieztatu du Zarralukik, eta ordura arte itxarongo dutela: "Zer planteatzen duten aztertu beharko dugu, baina a priori erabakia hartua du Nafarroako Gobernuak: bidesaririk ez jartzeko eskatuko diegu, bestela, hartu nahi ez ditugun erabakiak hartu beharko baititugu".

Dena den, oraindik ez dutela "ezer" planteatu eta "aztertu beharreko gaia" dela adierazi du Zarralukik, "begi bistakoa baita ondorioak izango dituela". Sustapen kontseilariaren ustez, ondorioetako bat izango da N-121 errepidean kamioien zirkulazioa "dezente" handituko dela, eta hori kaltegarria litzatekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.