Atzoko elurteak jarraipena izan du bart gauean, eta errepideetan arazoak sortu dira gaur ere. A-8 errepidean izan da arazo nagusia: bide hori itxi behar izan dute Zaldibarren (Bizkaia) Gipuzkoarako bidean. 03:00etan itxi dute, luizi baten ondorioz. Bilbora joateko bide bat ahalbidetu dute kontrako noranzkoan joateko.
Horrez gain, itxita daude hainbat mendate: hain justu, Altube, Garate, Opakua, Urduña eta Herrera (Araba), Kanpazar eta Bikotzgane (Bizkaia), eta Elgeta (Gipuzkoa). Hiriburuetan, berriz, Gasteizen ari du elurra; 250 pertsona dabiltza kaleak garbitzeko eta gatzuna botatzeko lanetan.
Gaur arratsaldera arte ezarri du alerta laranja Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. 15:00etan amaituko da alerta laranja egoera. Abisu horia ezarriko dute gero. Euskalmetek datozen orduetarako iragarri duenez, zaparrada txiki-ertainak botako ditu, bereziki Kantauri isurialdean. Arratsalde-gau partean atertzera egingo du. Goizaldean elur maila 200-300 metro inguruan kokatuko da, goizean igoko da, eta egunaren bigarren partean 500-600 metro inguruan egongo da.
Asteazkenean, 500-700 metrora zurituko du goizean goiz, baina egunak aurrera egin ahala, prezipitazioa egiteko arriskua desagertzen joango da, eta arratsaldean, toki gehienetan, ateri eutsiko dio. Beraz, termometroak ez dira aurreko egunean izandako balioetatik askorik urrunduko, eta, gauzak horrela, goizaldean izotza botako du eta egunez giroa oso hotza izango da.
Ostegunetik aurrera, prezipitazioak gutxitu egingo dira, eta igo egingo da tenperatura. Hori horrela, elur maila ere igo egingo da, Euskalmetek iragarri duenez.
Nafarroan ere izotza eta elurra egingo du datozen orduotan. Aemet Espainiako Meteorologia Agentziaren arabera, edozein mailatan bota dezake elurra, baina, egunak aurrera egin ahala, mailak gora egingo du, eta 300-400 metrora igo liteke.
Errepideetako informazioa: telefono zenbakiak eta webak
Errepideen egoerari buruzko informazio zehatza honako zerbitzu hauetan jaso daiteke:
- Nafarroa: 848-42 35 00 telefono zenbakian eta Cfnavarra.es webgunean.
- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa: 011 zenbakian eta Trafikoa.net webgunean.
- Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa: 0800-10 02 00 zenbakian eta Bison-fute.equipement.gouv.fr webgunean.