Gizartea

Errepideetan elurteei aurre egiteko aski langilerik ez dagoela salatu du ELAk

Azken lau urteotan, lan taldea 322tik 180ra jaitsi da, sindikatuaren arabera. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Batzar Nagusietan emango dituela azalpenak.

Urtarrilaren 6an hainbat arazo sortu ziren Gipuzkoako eta Nafaroako errepideetan. JAGOBA MANTEROLA
Samara Velte.
2018ko urtarrilaren 15a
16:45
Entzun

Tenperaturak jaisten direnean, errepideetako mantenuan diharduten lan taldeak indartzeko balio behar luke Gipuzkoako Neguko Bidezaintza Planak. Urteroko moduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak azaroan aktibatu zuen 2017-2018koa, eta horretarako 2,5 milioi euro eman zizkien eskualde bakoitzeko errepideetan diharduten aldi baterako enpresa elkarteei (ABEE), elurra kentzeko eta gatza botatzeko makinak gidatzen dituzten langileei ordaintzeko. Azken lau urteotako aurrekontu bera da, baina, hala ere, elurteetarako prestatutako langileak geroz eta gutxiago direla salatu du ELA sindikatuak, eta horren adibidetzat jarri ditu azken bi asteotako elurteetan sortutako istripu eta ilarak.

Datuen bilakaera erakutsi die gaur goizean komunikabideei: 2014an, aurreko foru aldundiarekin, elurra kentzeko 78 kamioi eta hamalau ibilgailu arin zeuden Gipuzkoan, eta 322 pertsona zeuden haiek gidatzeko. “Gobernu aldaketarekin, hasieran mantendu zen kopurua”, azaldu du Igor San Jose ELAko arduradunak. 2016an, ordea, ia erdira jaitsi zen langileen kopurua: 80 kamioi eta hamabi auto gidatzeko, 180 behargin baino ez zeuden, diputazioak berak publikoki azaldu zuenez.

Negu sasoi honen hasieran, aldundiko arduradunek ez zuten ohiko prentsaurrekoa egin: horregatik, sindikatuak salatu du ez dakiela zenbat langilek diharduten elurtutako errepideetan, baina enpresetan sumatzen dutela gutxiegi direla. “Langileek jada egiten dituzte hamabi edo hamalau orduko txandak, eta bakarrik joaten dira gatza zabaltzeko kamioian, binaka joan behar luketen arren”.

Urola-Deba ABEEaren adibidea jarri du San Josek: “Lan taldea %40 handitu behar izan dute; lehen hemezortzi pertsona zeuzkaten, eta beste hamabi kontratatu behar izan dituzte, soilik urteko istripuei arreta emateko, ez neguko planerako”. Langile horien egutegia jada beteta dagoela jakinarazi dute —“urtean 500 eta 700 ordu gehigarri artean egiten dituzte”—, eta ez daukatela inor larrialdietan eta ustekabeko elurteetan lanera joateko.

Hori gertatu zen urtarrilaren 6an, espero baino elur gehiago egin zuenean: Errege Eguna izanik, jai eguna zen, eta ez zeuden aski langile erreserban errepideetara joateko. “Eguraldia bat-batean aldatu zela diote, baina negurako plana azarotik zegoen aktibatuta, eta ez zen astelehenera arte [urtarrilaren 8ra arte] martxan jarri, arduradunak oporretan zeudelako”, salatu du San Josek: “Fokoa Etzegaraten ipini zuten askok, baina Gipuzkoa osoko egoera izan zen lotsagarria”. Errezilgo bide batzuk, esate baterako, “48 orduz itxita” egon ziren.

Errepideen neguko mantenurako banatzen diren 2,5 milioi euro horiek nora ote doazen galdetu dio sindikatuak foru aldundiari: “Enpresek azpikontratatu egiten dutela diote, baina guri horrek ez digu balio. Gainera, badakigu zer dagoen azpikontratazioaren atzean: prekarietatea, eta istripu gehiago, langile horiek ez daudelako ongi prestatuta”. Errepideak mantentzeko ardura jasotzen duten enpresak hobeto kontrolatzeko eskatu dio diputazioari: “Urtez urte, kopuru baxuagoen truke esleitzen dituzte mantenu lan arruntak; enpresek espero dute Neguko Bidezaintza Planerako sartzen den diruarekin estaliko dutela hori, uste dutelako ez duela ia elurrik egingo eta ez dela plana aktibatu beharko”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ez die agerraldiko kritikei berehala erantzun nahi izan; horren ordez, jakinarazi du "urgentziazko agerraldia" eskatu duela Batzar Nagusietan, gaiari buruzko azalpenak emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.