EGURALDIA

Errepideetan kalteak sortzen ari da elurtea

Bide eta mendate ugari itxi dituzte Nafarroan eta Araban. Gainera, hainbat istripu izan dira eguraldiaren eraginez.

2013ko otsailaren 7a
10:31
Entzun

Azken orduetan botatako elurtea kalte ugari eragiten ari da errepideetan, eta bide eta mendate ugari itxi behar izan dituzte. Araban, esaterako, Opakua, Bernedo, Herrera eta Urduña itxita daude, eta Gipuzkoan beharrezkoak dira kateak Elosuatik eta Urrakitik igarotzeko. Gainera, bi mendate horiek itxita daude kamioientzat, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Euskalmetek iragarri du 500 metro inguruan izango dela elur maila gaur goizean zehar, eta 600-800 metrora igoko dela arratsaldean zehar. Arabako Foru Aldundiak indarrean jarri du elurteei aurre egiteko larrialdialdi plana, eta prest ditu elurra kentzeko hemezortzi makina.

Nafarroako Gobernuak ere arretaz gidatzeko eskatu du, herrialdeko errepideetan dauden arazoak direla eta. Gainera, ohartarazi du izotza dagoela hainbat bidetan. Kamioientzat N-135a itxi dute Ollokin, eta 05:21etan N-121eko iparralderanzko erraila itxi dute, izotza dela eta. 06:02etan ireki dute berriz.

Gainera, euriak eta kazkabarrak ere arazoak sortu dituzte. Donostian, istripu bat izan da GI-20 errepidean 07:25 aldera, botatako kazkabarraren ondorioz. Bost pertsona erietxera eraman dituzte, eta bide hori itxi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.