Errepikatutako graduen eskaintza murriztu du EHUk

Lau zentrok gradu bana eskaintzeari utziko diote, titulazio horiek beste ikastegi batzuetan emango direlako

Gasteizko Ingeniaritza Eskolak gradu bat gutxiago emango du. R. BOGAJO / ARP.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
EHUn errepikatutako Ingeniaritza ikasketen korapiloa askatu zen atzo: datorren ikasturtetik aurrera, lau zentrok gradu bana eskaintzeari utziko diote, baina titulazio horiek beste ikastegi batzuetan emango dira. «Ez dugu titulaziorik kendu, berrantolatu baizik», nabarmendu zuen Iñaki Goirizelaia errektoreak. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak «adostasun handiz» onartu zuen Ingeniaritzen berrantolaketa: aldeko 26 boto, aurkako lau eta bi abstentzio izan ziren.

Zentro batean baino gehiagotan eskaintzen diren Ingeniaritza ikasketen artean, matrikulazio datu txikienak dituztenei eragingo die aldaketak. Hala, Bilboko Eskolan eta Donostiako Politeknikoan ez da eskainiko Industria Kimikaren Ingeniaritza —28 eta 19 ikasle ditu, hurrenez hurren—, baina Gasteizen mantenduko da; Donostiako Informatika Fakultatean ez da Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritzarik egongo—zortzi ikasle—, baina bai Gasteizen eta Bilbon; eta Gasteiztik Industria Elektronikaren Ingeniaritza kenduko dute —19 ikasle—, Eibarko (Gipuzkoa) eta Bilboko Ingeniaritza Eskoletan zein Donostiako Politeknikoan baitago.

Ikasleek, hala ere, gradua abiatu duten zentro berean amaitu ahalko dituzte ikasketak. Era berean, Elgoibarko ikastegian (Gipuzkoa) titulazio berri bat eskainiko dute: Prozesu eta Produktu Berrikuntzaren Ingeniaritza.

Berrantolaketan kontuan hartutako irizpideen berri ere eman du Goirizelaiak: lurraldeen arteko oreka aurkitzea, gizartearen eskariari erantzun egokia ematea eta Ingeniaritza ikasketetan lidergoa mantentzea. «Baliabideak behar bezala erabiltzea» izan da helburua.

Ildo horretatik, errektoreak gogorarazi du ez dela halakorik egin den lehen aldia: «Orain bi urte, Eibarren Donostian ere ematen ziren bi titulazio eskaintzeari utzi genion, eta Energia Berriztagarrien Ingeniaritza abiatu genuen. Eskari handiena dutenen artean hirugarren titulazioa da egun. Hor egon nahi du EHUk».

Hain justu, Bolognako Prozesuan graduen eskaintza diseinatzean, ingeniaritzetan aldaketok egiteko «ausardiarik ez izatea» leporatu dio Ikasle Kontseiluak errektoreari. «Bere momentuan graduen diseinua egin zen, eta ez genekien zein izango zen erantzuna; orain badauzkagu titulazio berrien matrikulazio datuak. Diseinu berria aztertu ostean egin dira aldaketak», erantzun du.

Bestalde, Master eta Doktoregoen Eskola sortzea ere onartu zuen atzoko Gobernu Kontseiluak. EHUren graduondo ikasketak planifikatzea, koordinatzea eta kudeatzea izango du helburu. Ikertzaileak ere trebatuko ditu, eta, horretarako, ikerketan diharduten zentro eta erakundeekin elkarlanean ariko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.