Richter eskalan 5,5eko indarreko hartu duen lurrikara gertatu da Perun, atzo goizaldera ehunka lagun hil eta zenbait hiri ia suntsitu zituen astindu izugarriaren erreplika. Hark bezala Pisco hiritik mendebaldera, itsasoan, izan du epizentroa, eta Inca departamenduan nabaritu dute, batik bat. Lima hiriburuan ere sentitu dute. Herenegun lurrikara handia gogoan, erreplika indartsu horrek izu larria eragin du jendearen artean.
Hain zuzen ere, hondamendiari aurre egin eta ohiko bizimodura itzultzeko ahaleginetan dabiltza lurrikarak suntsitutako inguruetako biztanleak, baina lan gaitza dute. Agintariek emandako azken datuen arabera, 500dik gora dira hildakoa, milatik gora zaurituak, eta 85.000 inguru kaltetuak. Ur eta elikagai falta dute arazo handienetako bat lurrikarak hondatutako Pisco, Ica eta Lima inguruetan.
Lurrikara handia, Richter eskalan 7,9koa, atzo goizaldera gertatu zen. Perun 18:41 ziren, lurra mugitzen eta eraikinak goitik behera erortzen hasi zirenean. «Ohetik atera eta kalera irten ginen korrika. Bonbardatuak izaten ari ginela zirudien. Beldurgarria izan da. Nire emaztea eta seme-alabak oihuka ari ziren, zer gertatzen ari zen galdetzen ari zitzaizkidan. Gure etxea galdu dugu, baina zorionez bizirik gaude», gogoratu du Eduardo Mevoeamio Pisco hiriko perutarrak. Hain zuzen, kostaldeko hiri horretan eragin ditu lurrikarak kalte handienak. Pisco hegoaldeko Ica probintzian dago, eta bertako alkateak aditzera eman duenez, hiriaren %70 erabat suntsituta geratu da lurrikararen ondotik. «Hainbeste ahalegin egin eta gero, gure hiria suntsituta dago», azaldu du Juan Mendoza Uribek, Piscoko alkateak. Halaber, portzentajearen atzean dagoen irudi tristea marraztu dute berri agentziek: «Heriotza eta hondamendia da nagusi. Etxebizitzak hondakin bihurtu dira, eta dozenaka hilotz daude kaleetan».
Jose Calderon Osasun ministrordeak Icako egoera dramatikotzat jo du. Halaber, Liman ere erabat aldatu du lurrikarak hiriburuko paisaia. Milaka perutarrek beren etxeak utzi eta kalera egin zuten atzo. «Inoiz bizi izan dudan lurrikara handiena izan da, baita luzeena ere. Bi minutuz lurra ez da geldirik egon. Munduaren amaiera zirudien, eta ezagutzen ditudan gehienak urduri daude oraindik. Lurrikararen ondoren, askok kalean pasatu dute gaua, beste lurrikara bat gertatuko ote zen beldur». 7,9 graduko indarra zuen lurrikara nagusiaren ondotik, beste bi gehiago izan ziren: 5,4 eta 5,9 gradukoak.
NBE LAGUNTZEKO PREST. Hondamendi naturalen aurrean laguntzeko mekanismoa martxan jartzeko prest dago NBE Nazio Batuen Erakundea. Peruko Gobernuak laguntza noiz eskatuko zain daude bilaketarako eta erreskaterako taldeak. Bere aldetik, Peruko Gobernu kabineteko arduradun Jorge del Castillo, Parlamentuko presidentearekin batera, Icara joatekoa zen atzo. «Lurretik ahal dugun tokiraino eraman ditugu laguntzarako materiala, janaria eta ura», azaldu du Del Castillok. Behin-behineko hiru ospitale ere jarri dituzte hiri kaltetuenetan. Halere, Icako ospitaleetan zaurituen kopuruari ezin aurre egin aurkitu dira, eta asko korridoreetan tratatu dituzte. Larri daudenak Limako ospitalera helikopteroz eraman beharko dituzte.
Lurrikararen ondotik errepideak suntsituta geratu dira, baita telefono sarea ere. Horren haritik, Peruko Gobernuak aurreratu du dagoeneko Telefonica enpresari gertatutakoaren gaineko kontuak eskatuko dizkiola. Azken horrek, bere aldetik, telefono sarea larrialdietarako baino ez erabiltzeko eskatu du, kolapsatu ez dadin.
Lurrikara gertatu eta gutxira, Peru, Txile, Ekuador eta Kolonbia alerta egoeran jarri ziren. Alerta egoera bertan behera gelditu zen ordu gutxira, ordea, lur mugimenduek tsunamirik eragingo ez zutela ziurtatu ondoren. Bestalde, iturri ofizialek aditzera eman dutenez, Chincha hirian 600 preso inguruk ihes egin zuten atzo kartzelatik, lurrikararen ondorioz espetxeko hormak behera erori zirenean.
Perun askok gogoratuko dute 1970eko lurrikara. Ritcher eskalan 7,5 graduko indarra izan zuen. Atzokoak baino indar gutxiago izanagatik ere, 75.000 hildako eragin zituen orduko lurrikarak. Halere, izan dira beste hainbat halako hondamendi ordutik. Atzokoa ordea, horien guztien artean indartsuena izan da, 7,9ko indarrarekin.
Erreplika indartsu batek izua eragin du berriro Perun
5,5 indarra izan du Richter eskalan, eta Ica departamenduan sentitu dute, batik bat. Atzo goizaldeko lurrikara handiak 500dik hildakotik gora utzi ditu, eta zenbait hiri ia erabat suntsituta. Ur eta elikagai eskasia dira orain arazo handienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu