Giza eskubideen, konponbide demokratikoaren eta bakearen aldeko aldarria egin dute Nafarroako hainbat eragile eta sindikatuk. Egungo egoera “aukera historikoa” dela sinesten dute. “Aldaketarako aukerak errealak dira, eta behar ditugun aldaketak ez dira soilik azalekoak; politika egiteko moduen aldaketak ere behar ditugu”, azaldu du Maialen Etxeberria Ernaiko ordezkariak. Nafarroak “sakoneko aldaketa” behar duela aldarrikatu dute, eta gizarte eredua “bestelako harreman zein baloreetan” oinarritu behar dela.
Eragileek salatu dute giza eskubideak urratzen dituzten gero eta lege, arau eta politika gehiago bultzatzen dituztela gobernuek. Espainiako Zigor Kodea aldatzeko prozedura eta isilarazteko legea aipatu ditu Etxeberriak: “Urte asko daramagu errepresio politiken ondorio lazgarriak pairatzen”. Gizartean “beldurraren mezua” hedatuz, estatuek giza eskubideak zapaltzen dituzten marko juridikoa egituratzen ari direla gaitzetsi du, gainera: “Ongizate estatua edukiz husten ari dira, eta kontrol soziala eta errepresioa, berriz, areagotzen”.
Errepresio politikei “ez” esateko garaia dela aldarrikatu nahi dute deitzaileek, eta adierazpen herritarra egingo dute martxoaren 28an, Iruñeko Udaletxeko plazan, 12:30ean. Oraingoz, Kalea Denona, Salhaketa, Sasoia, SOS Arrazakeria, Ernai, Bilgune Feminista, Martes al Sol, Paris 365, Langabezian eta prekarietatean dauden pertsonen elkartea, Ikasle Abertzaleak, Etxerat, Steilas, LAB, ELA, ESK, CGT eta EHNE sindikatu eta eragileek bat egin dute. Baina atxikitzeko deia egin diete alderdi politiko, kolektibo eta norbanakoei.