MOTIBAZIO POLITIKOAK ERAGINDAKO BIKTIMAK. EUSKAL MEMORIA FUNDAZIOAREN IKERKETA

Errepresioak 474 hildako eragin dituela jaso du Euskal Memoriaren ikerketak

1960 eta 2010 artean errepresioak Euskal Herrian izan duen presentzia aztertu dute 'Gernikako seme-alabak' liburuan

Errepresioak 474 hildako eragin dituela jaso du Euskal Memoriaren ikerketak.
jokin sagarzazu
Donostia
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
1960 eta 2010 artean errepresioak bere osotasunean Euskal Herrian izan duen eragina aztertu du Euskal Memoria fundazioak, Gernikako seme-alabak izenburu duen lanean. Aurretik egindako lanekin konparatuta, ikerketa horrek berrikuntza nagusi bat dakar: errepresioaren ondorioz hildako herritarren kopurua eta izen zerrenda osatu du Euskal Memoriak. Bilduma horren arabera, ETAren sorreratik gaur egunera arte 474 pertsonak galdu dute bizia, oro har euskal gatazkaren testuinguruan koka daitezkeen errepresio gertakarien ondorioz.

Donostian aurkeztu dute liburua Joxean Agirre ikerketaren koordinatzaileak eta Graxi Etxebehere Euskal Memoriako kideak. Aurkezpen ekitaldian izan dira, halaber, fundazioaren beste sustatzaile batzuk - Itziar Aizpurua, Koldo Amezketa, Iñaki Egaña, Jose Mari Esparza eta Periko Solabarria- eta ezker abertzaleko, Etxerat-eko eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide ugari.

Aurten hildako Jesus Lezaun eta Jorge Cortes Izal Euskal Memoriaren sustatzaileak izan zituen gogoan Agirrek, atzo eginiko aurkezpenean. Etxebeherek, berriz, Euskal Herria «garai historiko batean» dagoela adierazi zuen, eta nabarmendu zuen «errepresioak jo dituen herritar guztiak» kontuan hartu behar direla bakerako bidean aurrera egin nahi bada. «Herri baten bizi-nahia sustraitzen du memoriak». Azkenik, 1978ko sanferminetan Poliziak hildako German Rodriguezen omenez egindako kantua abestu zuen Fermin Balentzia fundazioko kide eta musikariak.

Eusko Jaurlaritzak «beste indarkeriek» eragindako biktimen txostena aurkeztu duen egunean ezagutarazi du Euskal Memoriak bere lana. Agirrek garrantzia kendu nahi izan dio bat-egite horri; hala ere, Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du, haren ustez errepresioak eragindako biktimen irakurketa estua egin duelako.

Agirreren irudiko, azken 50 urteetan izan diren errepresio ekintzen esanahi politikoa ezkutatu nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta «biktima onen eta txarren» bereizketa egin nahi izatea leporatu dio Patxi Lopezen gobernuari.

«Gatazkako biktimei errespetu osoa» adierazi ostean, Euskal Memoriako kideek agintariei eskatu die «herri honen sufrimenduaren errolda osatzen duten biktima guztiak» aintzat hartzeko. «Sufrimenduaren monopolio dialektikoa hausteko beharrak ekarri gaitu hona».

Herri-eragileen ekarpena

Jaurlaritzako Biktimen Harretarako Bulegoak egindako 38 orriko txostenak ez dakar hildakoen kopururik, ezta haien izenik ere. Euskal Memoriako ikerlariek, berriz, hildakoen kopurua jaso dituzte, eta haien izen-abizenak, jatorria, heriotza eragin zuten gertakarien xehetasunak, arduradunak, urtea eta bestelako datu batzuk, 1.077 orrialdeko lanean.

Ikerketa horretan, halaber, estatuen indar armatuen eta talde parapolizialen indarkeriak eragindako hildakoen izen-abizenak jasotzen dira, baina baita espetxe politikaren eraginez espetxeetan hildakoen edo errepidean bizia galdu duten presoen senide zein lagunak eta atzerrian hildako iheslari eta deportatuenak ere.

Agirrek azaldu duenez, bilduma osatzeko material nagusia herri eragileen bidez lortu dute. Informazio hori guztia hainbat baliabide bibliografikorekin osatu dute: garaiko prentsa, gaiari buruz argitaratu diren liburuak, txostenak, eta beste. Hala, Agirrek azaldu duenez, hildakoak eragin dituzten errepresio gertakarien azterketa ez ezik, azken 50 urteetan botere gehiegikeriak Euskal Herrian izan duen presentziaren horma-irudi osatua eskaintzea izan da lanaren helburua. Aurkeztutako lana «abiapuntu» bat dela nabarmendu du Agirrek.

Liburuaren egiturari dagokionez, errepresioa oinarri duten gertakariak, zifrak eta testigantzak lurraldeka eta eskualdeka jasota aurkezten dira. Eta, tartekatuta, hainbat gairen inguruko atal bereziak: hala nola espetxe politikari, torturari, desagertuei, gerra zikinari edo gazteen atxiloketei buruzkoak.

Hildakoak: nork eta nola

Aztiker gizarte ikerketarako enpresak egin du hildako herritarrei buruzko datuen desglosea eta analisia. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, hildako herritar gehienek ez zuten harreman zuzenik erakunde armatuarekin-eta erdia inguruk ez zuen loturarik erakunde politiko batekin- , baina bizia galdu zuten manifestazioetan izandako istiluetan, polizien kontroletan, gerra zikinarekin lotura zuten taldeek bereizkuntzarik gabe eginiko erasoetan edo errepide istripuetan.

Zerrenda horretan heren bat baino gutxiago dira erakunde armatu bateko kideak. Horiei gehi dakizkioke deserria dela edota deportazioa dela atzerrian hil diren 39 militanteak. Hortaz, gainontzeko 305 hildakoak ez dute lotura zuzenik erakunde armatu batekin.

Hildakoen soslaia egiteko orduan, %50,2 eragile bati lotuta zeudela ondorioztatu du Aztikerrek: ETAko militanteak ziren batzuk, EGIkoak beste batzuk, brigadistak, HBko mahai nazionaleko kideak, legebiltzarkideak, GRAPOko kideak, IK-koak ... Beste %49,8 osatzen dute presoen senideek, langileek eta 15 urte azpiko gazteek.

Ikerketak agerian utzi ditu orain arte ezezagunak ziren edo «gertakari arrunt» gisa sailkatuta zeuden hainbat kasu. Hala 1960 eta 1968 artean, ETAren ekintza armatuak ugaltzen hasi ziren arte, errepresioaren ondorioz hildako hamabi herritar zenbatu ditu Euskal Memoriak. Horietatik zapi polizien tiroz hil ziren, bi torturen eraginez, bat tratu txarrek eragindako kalteengatik, beste bat espetxean jasotako kolpeengatik, eta beste bat gaixotasunagatik.

Eusko Jaurlaritzaren txostenak, adibidez, 1968. urtea du abiapuntu, eta, beraz, ez lituzke hildako horiek aintzat hartuko.

Garai hartako eta ondorengo agintariek errepresioaren testuinguruan kokatu ez zituzten beste gertakari ugari ere jasotzen ditu ikerketak. Polizien nahasmenduari leporatuta edo istripu arrunt gisa hartu ziren hainbat gertakari.

Esanguratsua da manifestazioetan izandako istiluetan eta polizien errepide kontroletan hildako herritarren kopurua, 36 eta 21 hurrenez hurren. Adin gabeko sei hildako ere jasotzen dira ikerketan.

Garai ilunak

50 urte biltzen dituen ikerketak agerian uzten duen beste datu esanguratsu bat da hildako gehienak diktadura ondorengo urteetan izan zirela, trantsizio garaian eta PSOEren lehen agintaldian bereziki.

Espainiako Gobernuan garai bakoitzean zein alderdi egon zen ardatz modura hartuta, garairik gogorrena Felipe Gonzalezen agintaldiak izan zirela ikus daiteke. 1982-1996 artean, 160 hildako zenbatu ditu Euskal Memoriak-hildako kopuru osoaren%33,8-. Frankismo garaiko ikertutako 15 urteetan, berriz, 88 hildako izan ziren (%18,1) eta trantsizio garaiko hiru urteetan 88 (%18,6).

Garai bakoitzean hildakoen arduradunak zehazterako orduan, berriz, ikerketak bi joera agertzen ditu. Espainiako Estatuko polizien parte-hartze zuzena gutxituz joan da denborak aurrera egin ahala, eta estatuaren esku-hartze ez zuzena handitu egin da: gerra zikin kasuak, espetxe politikaren ondorioz espetxean hildako presoak, haien senideek errepidean izandako istripuak, eta erbestean hildako euskal herritarrak.

Gerra zikinari dagokionez, diktaduraren ondorengo lehen urteetan eta PSOEren lehen agintaldian eman eman hildako kopuru handiena. 1980-1984 artean, 43 pertsona hil zituzten -kopuru totalaren %50,6-. Guztira, 1.037 ekintza egin eta 85 herritar hil dituzte talde parapolizialek 1976-2010 bitartean.

Guardia Zibila lehen tokian

Heriotza horien guztien ardura nori dagokion ere zehaztu du Aztiker ikerguneak. Lau kasutatik batean Guardia zibila agertzen da; 474 kasuetatik 119tan, hain zuzen ere. Espainiako Polizia ageri da jarraian, 82 heriotzaren arduradun gisa -zerrendatutako kasuen %17,3 hain zuzen ere-. Batallon Vasco Español taldeak 34 hildako eragin zituen; GALek, 27; Ertzaintzak, hamalau; Espainiako Armadak, bederatzi; Triple A taldeak, bederatzi; faxistek, lau; Frantziako Poliziak, lau; udaltzaingoek, lau... Zerrenda horretan, Uruguaiko, Italiako eta Txileko polizia indarrak, El Salvadorreko Armada, Nikaraguako kontra, Kolonbiako paramilitarrak edo zaintzaile pribatuak ere azaltzen dira.

Beste heriotza askori ezin zaio arduradun zehatzik jarri, baina gatazkak eragindako hainbat neurriren ondorioz, adibidez, erbestean 38 lagun hil dira dagoeneko; espetxean 25 herritar hil dira; presoei bisita egitera joandako 17 senide eta lagun; eta zortzi lagun gehiagok beren buruaz beste egin dute bost hamarkada hauetan.



Liburua

Izenburua. Gernikako seme-alabak.

Koordinatzailea. JoxeanAgirre Agirre.

Argitaratzailea. Euskal Memoria fundazioa.

Orrialde kopurua. 1.077 orri.

Nola lortu. Euskal Memoria fundazioko kide eginda.





«Herri baten bizi-nahia sustraitzen du memoriak,eta memoria horren transmisioak bizia»

GRAXI ETXEBEHERE
Euskal Memoria fundazioko kidea




Historia «berreskuratzea» helburu duen fundazioa

Euskal Herriko historia «berreskuratzea» da Euskal Memoria fundazioaren erronka nagusia. Duela urtebete sortu zuten Jesus Lezaunek, Jorge Cortes Izalek, Iñaki Egañak, Fermin Balentziak, Graxi Etxebeherek, Iñaki O'Sheak, Erramun Martikorenak, Joxe Elorrietak, Floren Aoizek, Lucio Urtubiak, Jose Mari Esparzak, Jose Manuel Pagoagak, Koldo Amezketak, Fernando Larrukertek eta Ane Muguruzak. Gernikako seme-alabak liburua izan da lehen emaitza. Aurrera begira proiektu gehiago abiarazi nahi dituzte, eta, horien bideragarritasuna eta iraunkortasuna bermatzeko, babesleak lortzeko kanpaina bat abiatu dute http://euskalmemoria.com/ webgunearen bidez.





Durangoko Azokan aurkeztuko dute liburua

Gernikako seme-alabak liburua Durangoko Disko eta Liburu Azokan aurkeztuko dute, eta Euskal Memoriak han izango duen txokoan egongo da. Dena den, lana ez da salgai egongo. Liburua Euskal Memoriako kideen artean zabaltzenda bakarrik, urteko bi aldizkarirekin batera.



Tortura euskal gazteen aurkako estrategian

Euskal Memoriak errepresioari buruz eginiko ikerketa lanean leku berezia dauka torturak. Torturak salatu dituzten herritar ugariren testigantzak jaso dituzte. Era berean, azken 50 urteetan 10.000 tortura salketa inguru egin direla dio ikerketak —arazo metodologikoak tarteko, ezin izan dute horien guztien azterketa sakon bat egin—. Hala ere, 1992-2007 aldia aztertu dute, Senideak gazte atxilotuen elkarteak eginiko datu bilketetan oinarritua. Urte horietan 1.675 gazte atxilotu dituztela dio ikerketak. Atxilotutako gazteen %4,5 ospitalera eraman behar izan dituzte atxiloketa aldian; %28,9k torturak jaso dituztela salatu dute, eta %14k salaketak jarri dituzte epaitegietan.



Heriotza bat eragin zuen lehen segada, 1961. urtean

Heriotza bat eragin zuen Poliziaren lehen segada 1961. urtean izan zen. 30 polizia baino gehiagok parte hartu zuten operazio hartan. Julen Madariaga ETAko militantea atzematea zen polizien asmoa, baina Javier Barrita enpresa gizona hil zuten, eta beste bi herritar zauritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.