Josu Uribetxebarria eta gaixo larri diren beste hamahiru euskal presoen eskubideak errespetatzea eta haiek libre uztea galdegiteko Donostian atzo egin zen manifestazioan alderdi politikoetako ordezkari ugari ikusi ziren. Ezker abertzaleko, EAko, Aralarreko eta Alternatibako ordezkariak, Amaiurreko diputatuak edota Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre.
«Errepresiozko espetxe politika» amaitzeko eta euskal presoen eskubideak gainontzeko pertsona guztienen modura errespetatzeko exijitu zuten, eta izan zen EAJren jarrera gogor kritikatu zuenik ere, espetxe politika horretan duen «erantzukizunagatik».
Hain zuzen ere Permachek salatu zuen EAJ. Uribetxebarriak bizi duen «une dramatikoaren aurrean» EAJk ez duela «ezertxo ere egin», eta «borondate eta sentsibilitate gabezia» agerian utzi duela, adierazi zuen ezker abertzaleko kideak.
Permachek gaineratu zuen, jeltzaleek ezker abertzaleari autokritika egitera dei egiten dionean, EAJk berak ere egin beharko lukeela: «EAJk ere azaldu beharko luke historikoki izan duen erantzukizuna PSOEk presoen sakabanatzea ezarri zuenean, edota, geroago, PPk ezarritako errepresiozko kartzela politika defenditu zuenean», azaldu zuen. Autokritika guztiek egin beharko luketela erantsi zuen, «egoera politiko berri batera igarotzeko, elkarrizketa prozesu bat zabaltzeko eta irtenbideen prozesu batera abiatzeko». Euskal presoen alde mobilizatzen jarraitzeko beharraere azpimarratu zuen Permachek.
Eskubideak guztientzako
Dani Maeztuk, berriz, «Espainiar Estatuak ezarritako mendekuzko eta errepresiozko politika» amaitu beharra dagoela eta «PPren immobilismoaren aurrean» kalera irten beharra dagoela azpimarratu zuen «giza eskubideak guztionak, baita euskal presoenak, direla aldarrikatzera».
«Amaitu egin behar daPPren mendekuzko eta errepresiozko espetxe politika hori, are gehiago orain, euskal gizartea irtenbideak eskatzen ari zaigunean, eta bake iraunkorra eta bizikidetza eraikitzeko elkarrekin hitz egiteko gai izan behar dugunean», gaineratu zuen Aralarreko koordinatzaileordeak.
«Errepresiozko espetxe politika» bukatzeko eskatu dute alderdiek
Autokritika egiteko eskatu dio Permachek EAJri, eta alor horretan ezer ez egitea leporatu die jeltzaleei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu