Diada

Errepublika eta askatasuna aldarrikatu dituzte milaka lagunek

Kataluniako subiranismoak erakutsi du ez dagoela kalea galtzeko prest. Mobilizazio handia egin dute Bartzelonan gaur, Diada egunean. "Soinu olatua" ez da oso garbia izan, baina indartsu nabaritu da.

Udaltzainen arabera, milioi bat lagun elkartu dira. ALEJANDRO GARCIA, EFE
2018ko irailaren 11
07:09
Entzun

Ez zen erraza erabateko isiltasuna mantentzea 17:14ak iritsi direnean. Eskatu dute isiltasuna, eta toki batzuetan lortu ere bai, baina jendetza handia zen denak batera isilik egon beharrekoa, eta emozioak gainezka zirenez, zaila izan da. Nolanahi ere, 17:14an suziria lehertu denean abiatu den "soinu olatua" indartsu nabaritu da, sei kilometro baino gehiagoko ibilbidean.

Ordua iritsi aurretik nagusi zen jai giroa Bartzelonako Diagonalean. Jendetza elkartu da, eta ugari izan dira castellersak, musika eta dantzak. 460.000 lagun zeuden izena emanda, baina milioi bat parte hartzaile izan direla esan du Bartzelonako Udaltzaingoak. Gehienak, ANCk okasiorako prestatutako koral koloreko kamisetak jantzita zeuden, airetik ateratako argazkietan ondo ikusten denez. Ibilbidean senyera ugari zegoen, eta baita presoen askatasuna eskatzen zuten kartel eta pankartak ere. Hain justu, presoek askatasuna izan da gaurko aldarrikapen nagusiena errepublikarekin batera.

Sei kilometroko ibilbidea egin du olatuak, eta azkenean, ibilbidearen amaieran prest zuten hormaren zatia bota dute. Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ordezkatzen zuen bat, eta monarkia ordezkatzen zuen beste bat.

Euskal Herritarren presentzia ere nabarmena izan da gaur Bartzelonan. Gainera, guztiak batera joan dira Independentistak sareak elkartuta. 37 zatitan banatuta zegoen ibilbidea, eta 19-20 zatiak gordeta zituzten euskal herritarrentzat. Diagonalera iritsi direnean, txaloka hartu dituzte han zeuden milaka katalanek.

Horma bota ostean etorri dira hitz hartzeak. Presoak kaleratzeko eskaera aho batekoa izan da. Aamer Anwar abokatu eskoziarrak, Ben Emmerson NBEn aritzen den abokatuak eta Thomas Schulze zientzialariak hartu dute hitza, besteak beste. Katalanen aldarrikapena erabat zilegi dela nabarmendu dute, eta Espainiako Gobernuaren jarrera salatu. Anwarrek nabarmendu du Espainiaren jarrera ikusita gustura egongo litzatekeela Franko.

Omnium Culturaleko eta ANCko kideek ere hartu dute hitza. Marcel Mauri Omniumeko presidenteordeak Jordi Cuixarten izenean hitz egin du. Batasuna eskatu du, eta errepublika errealitate egitea lortuko dutela nabarmendu du, "erradikaltasun demokratikotik".

Elisenda Paluzie ANCko lehendakariak hartu du hitza gero. Errepresioak ez dituela garaitu azpimarratu du, hori erakutsi dutela gaur egin duten mobilizazio jendetsuan. Eskubideak delitu bihurtzen dituen estatu baten aurrean daudela salatu du, baina iaz, urriaren 1ean estatuari irabazteko gai direla ere erakutsi zutela. Orain, urriaren 1ean errepublika errealitate egiteko modua topatu behar dela ohartarazi du. Eta Generalitateari eskatu dio lehenesteko "helburu orokorrak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.