Erresuma Batuko Gobernuak iazko martxotik eman gabeko albistea eman du: azken 24 orduetan ez du COVID-19ak jota hildakorik zenbatu. Urtebete eta bi hilabetean gaurkoa bezalako daturik eman gabe egon bada ere, kezka nabari da herrialdean, 3.165 kutsatu atzeman baitituzte azken egunean, eta, aurreko asteko 2.493ekin alderatuz, goranzko joera du kurbak.
Egoera zailean dago herrialdea egun; izan ere, hilaren 21ean egungo murrizketa guztiak bertan behera uztea aurreikusi badute ere, gero eta gehiago dira epemuga hori luzatzeko eskatzen duten zientzialarien ahotsak. OMEk gomendatutako izendegian, Delta aldaeraren, edota «indiarraren» presentzia areagotuz doa herrialdean, eta horren arriskuaz ohartarazi dute. Horietako bat izan da Ravi Gupta mikrobiologoa, gobernuaren aholkularietako bat. Haren ustez, herrialdea hirugarren olatuan sartzeko arriskuan dago: azaldu du kasu berrien kopurua «txikia» bada ere esponentzialki handitzen ari dela, eta horien «hiru laurdenak, gutxienez», aldaera berri horretakoak direla. Hain zuzen ere, berak ere neurrien leuntzea atzeratzea gomendatu dio gobernuari.
Edinburgoko Gobernuak aurrea hartu dio Londreskoari, eta Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak jakinarazi du herrialdeak moteldu egingo duela neurriak arintzeko prozesua, kutsatzeen gorakadak eraginda. Beraz, Eskoziako erdialdeko lurralde gehienetan ez da baimendutako pertsona kopurua areagotuko, ezta gaueko aisialdiko lokalak zabalduko ere.