Erresuma Batuko (EB) sindikatuek jakinarazi dute "udazken beroa" prestatzen ari direla krisi ekonomikoa dela-eta gobernuak ezarri dituen murrizketengatik, eta azaroaren 30ean greba antolatzeko pausoak ematen hasiko dira. Hala, sindikatuen euren kideen artean bozketak egingo dituzte lanuztea egin-ez erabakitzeko.
Greba egingo balute, Erresuma Batuan 1926tik izandako mobilizazio sozial handiena litzateke. Orduan ere lanuztea egin zuten. Herrialdean debekatuta dago greba orokorra egitea. "Gure bataila ez da egun batekoa izango, baizik eta luzea, gogorra eta zikina, neguan hasi eta udara artekoa", esan du Brian Strutton GMB sindikatuko kideak gaur.
Aurtengo martxotik ekainera artean sektore publikoan 110.000 lanpostu galdu dira gobernuaren politikaren ondorioz, eta 2014-2015rako beste 400.000 kentzeko asmoa dauka. Gainera, pentsio sistema gogortu egin du eta soldatak izoztu egin ditu. Arlo pribatuan ere egoera ez da ona; kasu, bankuetan udara honetan 30.000 lanpostu galdu dira. Ekainaren 30ean 300.000 irakaslek greba egin zuten.
%8ko langabezia dago Erresuma Batuan. 2,5 milioi lagun daude beharrik gabe.