«Gero eta gehiago gara 60 urte osasuntsu betetzen ditugunak, kultura maila altua dugula, formazioa... Bat-batean, erretiroa hartu, eta desagertu egiten gara», salatu du Maria Angeles Amenabarrek. Oraindik ere gizarteari asko eskaini diezaioketela uste dute. Horregatik, nagusien parte-hartzea sustatuko duen plan integrala eskatzeko Helduak Adi! izeneko gizarte sarea sortu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zazpi elkartek eta bi norbanakok. Amenabar bera da presidentea.
Adineko pertsonek duten jakituria, indarra eta gaitasun kritikoa aintzat hartzeko eskatzen dute: «Herritar gisa garatzeko daukagun eskubidea aldarrikatzen dugu». Hala, demokrazia parte-hartzailearen barnean, adinekoen hitza ere entzun behar dutela gogorarazi diote Jaurlaritzari. «Guk ez dugu inor ordezkatu nahi. Erabakiak hartzerakoan gure esperientzia kontuan hartzeko eskatzen diegu».
Ernesto Mendiola sareko presidenteordeak Eusko Jaurlaritzari kritika zorrotzagoa egin dio. 2009an Bilduz izeneko txostena aurkeztu zuten, adinekoen parte-hartzea garatzeko plan estrategiko moduko bat. Juan Jose Ibarretxeren gobernuak harrera ona egin ziola gogorarazi du Mendiolak. «Baita Patxi Lopez lehendakariarenak ere», argitu du. Parte-hartzerako zuzendariak gogoz hartu zuen ideia. Ordutik ez dute bere berririk izan, ordea. Lopezi ere hainbatetan idatzi diote, baina ez dute erantzunik jaso. «Gu ezin gara eseri gonbidatu ez gaituzten mahai batean».
Lanean jarraitzeko diru laguntzak behar dituztela onartu du, baina hori baino gehiago eskatzen dute: «Elkarteen eta erakundeen arteko harresia apurtu nahi dugu. Parte-hartzea blog batean mezuak idatzi ahal izatea baino askoz gehiago da».
Adinekoentzako egitura
Emakumeen aldarrikapenei erantzuteko Emakunde dagoen bezala, Gazteriaren Euskal Plana existitzen den bezala, adinekoentzat antzeko egiturak eskatzen dituzte. Eta erabakietan parte-hartzeaz gain, gizartean zerbitzu bat egitea dute helburu. «Osasun eta asistentzia politiketan zeresan handia dugu. Adibidez, mendekotasunen bat dutenen kasuan, orain arte etxeko emakumeak arduratzen ziren zaintzaz. Baina hori gero eta zailagoa da. Emakumeak lan munduan daude. Gutariko asko osasuntsu gaude. Elkarri lagun diezaiokegu», azaldu du Xabier Agirrek, sareko kide den bi norbanakoetako batek.
Beste arlo askotan ere beraien esperientzia baliagarria izan daitekeela uste du Mendiolak. Etxebizitza politikan, astialdiari dimentsio aktiboa ematerako orduan, indarkeriaren azterketan...«Gure arazoez harago ere ikusten dugu adinekook. Norbaitek uste du nire alabak dituen arazo ekonomikoek ez dutela eraginik niregan?». Halaber, nagusien inguruko estereotipoak desagerrarazteko ere eskatu du.
Oraingoz zazpi elkartek osatzen dute sarea, baina hurrengo hilabeteetan gehiago elkartzea espero dute. «Agintariek kasu egin bitartean, lanean jarraituko dugu», diote.
Erretiratu ostean aktibo segitzeko aldarria
Adinekoen parte-hartzeari buruzko plan integrala bultzatzeko sarea osatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu