Erretreten erreformaren aurkako kexua apaldu arren, ez dute amaitu nahi

Aitzineko aldietan baino lagun gutxiago atera dira karrikara; 5.000 inguru kontatu dituzte Baionan

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
«Nicolas Sarkozy presidentea, erreforma hau ez duzu izenpetubehar, eta sindikatuekin benetako negoziazioak hasi behar dituzu». Sarkozyrentzat izan zen atzo Baionan egindako manifestazio bukaerako hitzartzea. Hain zuzen, Frantziako Gobernuak xede duen erretreten erreforma indarrean sartzeko haren izenpetzea delako bakarrik falta. Ekainaz geroz diren protesta oroz bezala erreformaren kentzea galdatu zuten atzo goizean Baionan, baina ez zen sentitu orain arteko determinazio eta indarra. Segur aski jende gutxiago izan zelako karriketan. 4.000-6.000 lagun artean zenbatu zituzten atzo, duela aste bat 11.400 izan ziren, eta orain dela hiru aste 19.000, antolatzaileen arabera. Aroa ere ez zuten antolatzaileek alde ukan atzo, eta eguraldi euritsu eta grisak ez zuen giroa berotzen lagundu. Nolanahi ere, protestei eustea garrantzitsua dela nabarmendu zuten.

Ekainetik urri bukaera arte manifestari kopurua etengabean emendatu baldin bada, ordutik apaltzen ari da. Atzoko protesta egunak errealitate hori islatu zuen. Nahiz gutxiago izan, sektore pribatuko zein publikoko langileak agertu ziren manifestazioan. Hasieratik bezala, Turbomeca, Dassault, Bonnet Neve enpresa pribatuak, postariak, SNCFko tren gidariak, Baiona ala Hendaiako ospitale publikoetakoak, hainbat lurralde kolektibitateko langileak, laborari eta irakaskuntza pribatu zein publikoko irakasleak egon ziren, besteak beste, protestan. Erretretak: beste proiektu baten alde mezua daraman banderolaren gibeletik atera ziren berriro CFDT, CGT, CFTC, FO, FSU, Solidaires, Unsa sindikatuak. Behingoan bakarrik emakumeak egon ziren banderolaren atxikitzen. Nahiz «ez kalkulatua izan», Isabelle Soule FSU sindikatuko idazkari nagusiak esandakoarenarabera, agerian ematen du erreforma horrekin emazteak direla «lehen galtzaile handiak». CGTren jarraigoan ziren gehien lagun bildu, besteetan gutxi eta beste batzuetan oso gutxi zirela.

LAB ere bertan egon zen, nahiz intersindikalak aldi oro baztertu Inposaketarik ez. Erretreta sistema justu eta solidario baten alde banderolaren gibeletik. LABentzat berdin, usaian baino kide gutxiago agertu zitzaizkien.

Hala eta guztiz ere, sindikatuek ez dute nahi mugimendua horretan geldi dadin. Intersindikalak azaroaren 22ko asterako finkatua du mobilizazio eguna. Haatik, ez da oraindik zehaztua zer-nolako protesta izanen den, eta Mixel Larralde CFDTko idazkari nagusiak dioenez, «ez da greba egunik izango». Mugimenduak «bihurgune berri bat» hartu behar duela uste du. Alain Duzert CGTko idazkari nagusiari ere iruditzen zaio urte hasieran bezala Enplegua, Soldatak, Erretretak lelopean egin beharko direla ondoko ekintzak. Hots, ez gehiago orain arte bezala erretreten erreforma kentzea eskatuz bakarrik.

LABen ustez, mugimendua «jarraitu», «azkartu» eta «zabaldu»egin behar da, geroan ere erretretentzat bezalako beste erreforma «bidegabe» batzuk izanen direlako. Maylis Iriartek argi nabarmendu du hori: «Jendeen buruan borroka hau galdua baldin bada ere, beste protestak izanen dira, eta hauek orokorragoak izan beharko dute, hots, sistema orokorra salatzeko».

Oldartu Tours hirian, gogoetan

Atzo Tours (Frantzia) hirian 23 hiritako ordezkariak elkartu ziren, greban eta borrokan diren kolektiboen arteko lehen biltzar nagusian. Ipar Euskal Herritik ere ordezkaritza bat han egon zen, geroari begira protestari zer segida eman gogoetatzen.

Bileran parte hartu du Francis Charpentier Oldartuko kideak, eta, hark zehaztu duenez, hirien arteko borrokak «koordinatzeko» eta hor sorturiko protestari «segida» bat emateko xedea badute guztiek. Nahiz argi ukan erretreten erreformaren aurkako borroka «segur aski galdua ukan» beste lege batzuen aurka jarraitu beharko dutela argi dute. Hori dela eta, blokeo ekintzekin jarraitzeko asmoa agerian utzi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.