Erriberan egingo diote ongi etorria Korrikari bihar. Goizaldean igaroko ditu Lodosa, Andosilla, Milagro eta beste hainbat herri, eta eguerdi partean espero dute Tuterara heltzea. Gorantz joko du gero, arratsaldean Caparroso, Pitillas, Erriberri eta Tafalla igaroko dituelarik. Aibarren amaituko du zortzigarren eguna Korrikak.
Araban elurrak egin dio ongietorria Korrikari. Hala ere, ez da oztopoa izan euskararen aldeko festarentzat. Euripean edo elurpean, jende ugari ari da bat egiten Korrikarekin. Are gehiago, batek baino gehiagok praka motzetan egin du lasterka, hotzaren beldurrik gabe. Goizaldean sartu da Korrika Araban, eta han egiten ari da gaurko kilometro gehienak. Bideoa: Korrika Zuian (Lara Madinabeitia).
[Youtube]https://youtu.be/WY9QHaUdPMw[/Youtube]
Altuben, kazkabarra eta elurra izan dute bidelagun. Ez da oztopo bakarra izan; itxita zegoen Herrerako mendatea elurteengatik, baina Korrika igarotzeko ireki dute. Aiaraldetik Zuiako eta Añanako kuadrillak utzi ditu atzean. Laudion, Pablo Gorostiaga izan da protagonistetako bat; alkate ohia asteburuan irten da espetxetik, eta hark ere hartu du lekukoa. Korrikaren berri ematen ari diren kazetariek ere eraman dute lekukoa, 1.499 kilometroan.
Aspaldi zegoen Arabako Errioxa igaro gabe Korrika. Guardian, eskolako haurrek, irakasleek eta gurasoek hartu dute lekukoa, elurpean. Bideoa: Korrika Guardian (Hodei Iruretagoiena).
[youtube]https://youtu.be/4Tt4OCVA8F0[/youtube]
Atzo, ibilbidearen "ekuatorea"
Pausoen erdiak eman dituzte euskahaldunek. Urepelen eman zuten lehena, Bilbo helmuga hartuta. 2.500 kilometro osatu beharko ditu 19. Korrikaren ibilbideak, eta eginak ditu 1.250etik gora. Bizkaian dabil lekukoa, eta Sopelan egokitu zen aurtengo Korrikaren «ekuatorea». Xanpaina eskuan, gogoz ospatu zuten antolatzaile eta korrikalariek. Bestela ere, hunkitzeko moduko unerik ez zen falta izan.
Busturialdean argitu zuen Korrikaren egunak. 06:00etan igaro zen Forutik. Hango barnetegian euskara ikasle dabiltza Lapurdiko dozena bat gazte; zalapartan esnatu ziren, lasterka irteteko gogoz. Euritan, hamar bat kilometro egin zituzten, Mundakaraino. Matias Libier gustura iritsi zen korrikalditik. Angelutik joanda, bi hilabete daramatza Forun euskara ikasten, arrebarekin batera. Eta jarraitzeko asmotan da. Erraztasuna nabari zaio dagoeneko: «Txikitan ikasi nuen euskaraz, baina ahantzi nuen. Ez dut praktikatu nire lagunekin. Ohitura txarrak hartu ditut, eta nahi nituzke berriz ohitura berriak hartu, euskaraz bizitzeko. Horretarako nahi nuen barnetegia egin: konfiantza gehiago hartzeko».
Mundakaraino bai, baina Libier ez zen iritsi Larrauriko (Mungia) euskaltzaleek prestatutako txokolate beroa probatzera. Zortzietarako prest zuten eltzea, autobus geltokiko aterpearen azpian, lasterka zetozenei emateko. Korrikak txokolatea hartzera geratu ezin badu ere, gustura hartu zituzten gidari nahiz lasterkariek larrauritarrek eskainitako edalontziak. Mungia pasatuta, indarrez egin zituzten Laukiz, Gorliz eta Plentzia alderako kilometroak. Izan zen korrika bertso bat botatzeko gai izan zenik ere. Gorlizen, AEKn urte luzez irakasle aritutako Ricardo oroitu zuten furgonetatik: «Hura bezalako euskahaldun asko behar ditugu».
Bereziki jendetsuak izan ziren Plentziako eta Getxoko kilometroak: arraunlariak, futbolariak, udaletako ordezkariak, langileak, gaztetxekoak... Denen eskuetatik pasatu zen euskararen lekukoa. Algortan, ALBE Algortako bertso eskolaren txandan, furgonetara ere igo zen Arrate Illaro bertsolaria: «Bertsotan ta korrika, gogoz dator ALBE / hogeita hamabost urtez euskararen alde».
Barakaldora, arraunean
Handik kilometro gutxira, bereziki hunkigarria izan zen 1.267.a: Lurdes Goikoetxea eta Joseba Kanpo gogoratu zituzten Itzubaltzetan. AEKn urte luzez aritua bata, eta Korrikaren sustatzaileetakoa bestea; duela bi urte hil ziren. Lander eta Maddi seme-alabek hartu zuten atzo haien lekua. Haien aurretik, Urtsa Errastik eraman zuen lehenengo Korrikatik Kanporekin partekatutako lekukoa. Lasterka hasi aurretik, hunkituta hitz egin zuten Landerrek eta Maddik: «Azkenean, gauza ez da aldatzen. Dauden lekuan daudela, haiek harro egongo dira. Fisikoki ez daude hemen, baina sortu zuten lekukoa daramagu eskuz esku».
Erandion barrena joanda, arraunlariek eraman zuten Korrika Barakaldora, traineruan. Zain zituzten Argitan emakumeentzako aholku etxekoak; pozik zegoen Sara Eugenia Ferrerira: «Euskara gurea da; zaindu eta lagundu behar dugu». Ezkerraldean erraztasunik ez dutela kontatu zuen, baina saiatzen direla euskaraz lan egiten. Barakaldon eta inguruetan, jakinda ere nahikoa lan izaten baitute euskaraz aritzeko. Ari dira, ordea, euskahalduntzen: 500 bat lagun behintzat badituzte berbalagun taldeek. Bide erdia baino gehiago falta arren, pausoka ari dira Ezkerraldean. Atzo kalera irtendako jendetzak erakutsi zuen aurrera segitzeko ahala.