Nafarroa zeharkatzen ari da Korrika gaurko etapan. Atzo Lapurdi eta Nafarroa Beheretik Bortzirietara eta Baztan aldera igaro ostean, hegoalderantz jarraitu dute, Erriberara iristeko.
Nabaskozen hasi dute astelehena, eta handik joan dira lasterka Irunberri, Zangoza, Faltzes, Caparroso, Arguedas eta Tuterara, besteak beste. Milagron amaituko dute eguna (ibilbidea). Bihar mendebalderantz egingo du pixkanaka, Araban sartu eta, arratsaldean, Gasteiz hiriburua jotzeko.
Gaur gaindituko dituzte, ziur aski, aurreneko mila kilometroak, eta oraindik beste 1.500 inguru izango dituzte aurretik. Igandean amaituko dute Korrikaren 18. edizioa, Baionan.