"Batek batek frogatzen badit irregularitatea egin dugula eta, beraz, guk eman behar diegula euskal herritarrei osasun zerbitzua, berehala egingo dugu atzera", esan du gaur Pedro Sanz Errioxako (Espainia) Gobernuko presidenteak, Arabako Errioxako herritarrak irailetik erkidego hartan osasun arta jaso ezinik dabiltzala-eta.
Arazoari konponbidea emateko gaur lehen bilera egin dute Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Errioxako Osasun sailburu Jose Ignacio Nietok. Oraingoz, ez dute akordiorik lotu.
Auziak gotortuta zirudien atzo. Sanzek ez zirudien amore emateko prest: "Inongo itunik gabe ez diegu osasun zerbitzurik eskainiko Arabako Errioxako biztanleei". Hark gaur esan duenez, bere erkidegoak baliabide jakin batzuk ditu eta zerbitzua bertako lagunei baino ez die eman behar.
Oiongo (Araba) alkate Ruben Garridok (PP) gose greban jarraitzen du, Errioxako neurriaren aurka. Iñaki Oiarzabal EAEko PPko idazkari nagusiak bisita egin dio gaur, eta esan du PPk Errioxari arazoa "lehenbailehen" konpontzeko eskatu diola.