POLITIKA

Errioxak eta Gaztela eta Leonek helegitea jarriko diote Kontzertu Ekonomikoaren blindatzeari

EAEko Kontzertu Ekonomikoak euren interesak kaltetzen dituela uste dute Errioxako eta Gaztela eta Leongo gobernuek, eta Konstituzionalera joko dute blindatzearen aurka egiteko. Lopezek erantzun die zerga sistema berezia ez dela abantaila.

2010eko otsailaren 11
18:34
Entzun
Errioxako Gobernuak eta Gaztela eta Leongoak Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko dute, EAEko Kontzertu Ekonomikoa blindatzeko erabakiaren aurka. Haien arabera, zerga sistema bereziaren bidez "abantailak" ditu EAEk, eta horrek urratu egiten du autonomia erkidegoen arteko berdintasuna.

Espainiako Senatuak atzo onartu zuen Kontzertu Ekonomikoa blindatzea. Hala, legeak segurtasun juridiko handiagoa ematen dio EAEko zerga sistema bereziari. Orain arte edozein auzitegitan aurkez zitekeen Kontzertu Ekonomikoaren aurkako salaketa; aurrerantzean, berriz, soilik Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. PPk soilik bozkatu zuen neurriaren aurka, baina PPren EAEko ordezkariak ez ziren joan bozketara.

Neurria BOE Espainiako Aldizkari Ofizialak argitaratu orduko joko dute Auzitegi Konstituzionalera. Eta, aldeko erantzuna jaso ezean, Europara ere jotzeko asmoa du Errioxago Gobernuak. Lehenago ere egin izan du hori bera: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek emandako opor fiskalak inpugnatu zituen Europako auzitegietan.

Errioxako gobernuburu Pedro Sanzek dio onartutako legeak urratu egiten duela autonomia erkidegoen arteko berdintasuna, eta kalte egiten diela EAEren inguruan dauden erkidegoei, tartean Errioxari. "Nik Errioxaren interesak babesteko neurri guztiak hartuko ditut ezeren gainetik, baita nire alderdiaren interesen aurka badoaz ere". PPko kidea da Sanz.

Legearen izaera baliatuko du Gaztela eta Leongo Gobernuak zerga sistemaren aurka egiteko. Argudiatuko du lege mailako arauak direla Auzitegi Konstituzionalean salatzekoak, eta EAEko Kontzertu Ekonomikoa ez dela izaera horretakoa. Hortaz, salatuko du Espainiako Konstituzioa eta Gernikako Estatutua urratzen dituela haiek blindatzeko erabakiak.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak salaketa iragarpenei erantzun die. Errioxako eta Gaztela eta Leongo gobernuei esan die ez dutela atzo Senatuak egindako aldaketa ulertu. "Ez dute ezer ulertzen Espainiaren berezitasunaz, autonomia estatua delako, eta ez uniformea eta uniformeduna". Lehendakariak dio Kontzertu Ekonomikoa ez dela abantaila, Errioxak eta Gaztela eta Leonek diotenaren kontra: "Ez gara pribilegioez ari, eskatzen ari ginen gai horretan Euskadi gainerakoak bezala tratatzea".

PPren menpekoak izanik bi gobernuak, Lopezek PPko arduradunei eskatu die ahaleginak egiteko gobernuek errekurtsorik jar ez dezaten. Helburu hori bere egin du EAEko PPk. Leopoldo Barredak esan du "auziaren nondik-norakoak ulertarazten" saiatuko direla, salaketarik izan ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.