«Argi dago borroka politikoa galdu dutela. Alderdien Legearekin lortu ez zutena errolda aldatuta lortu nahi dute orain», salatu du Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak: «Apustu politikoaren porrotarekin galdutakoa salbuespen lege berrien bidez irabazi nahi dute». Nolanahi ere, PPren errolda aldatzeko saioa «porrota» izango dela uste du ezker abertzaleak: «Hauteskunde emaitzek berriro erakutsiko dute badagoela gehiengo herritarra islatzen duen bloke bat».
PPren asmoa salatzeko prentsaurrekoa eman zuten atzo Pernando Barrenak eta Ugarteburuk Donostian, eta PPri ohartarazi zioten «berak nahi duenaren kontrakoa» besterik ez duela lortuko halakoekin: «Bokazio independentista haztea eta biderkatzea lortzen dute».
Ezker abertzaleak argi dauka halako saioei herri gisa erantzun behar zaiela, «herri hau oraindik ere salbuespen legedien ezarpen arbitrario eta antidemokratikoen biktima delako». PPren asmoen aurka, eragile politiko eta sozialen erantzun «argi eta irmoa» gertatzea nahi dute, «eutsi ezina izan dadin era horretako apustu tranpati eta bananeroekin erasotzea herritarren borondate demokratikoari».
Erroldak nahi bezala aldatzen saiatzea egotzi dio ezker abertzaleak PPri
PPren asmoa «urrutitik egindako kolonizazio apustu bat» dela salatu du Maribi Ugarteburuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu